Euskorleans eta Kukai, iganderako musika eta dantza proposamena Legazpin
Musikariak eta dantzariak 18:30ean abiatuko dira Euskal Herria plazatik, euskal doinu eta dantza ezagunak New Orleans giroko dixie band baten doinuetara egokituz prestatu duten ikuskizuna erdiguneko kaleetan eskaintzeko.
Euskorleans bandak eta Kukai taldeak bat egingo dute igandean Legazpin eskainiko duten musika eta dantza ikuskizunerako. 18:30ean Euskal Herria plazatik abiatuta, erdiguneko kaleetan zehar ibiliko dira musikariak eta dantzariak, ikuskizun paregabea eskaintzeko. Eguraldi txarra eginez gero, Azokan eta inguruko aterpeetan ibiliko dira.
Bi taldeen artean euskal doinu eta dantza ezagunak jaso dituzte, New Orleans giroko dixie band baten doinuetara egokitu dituzte, eta dantza eta musika uztartzen dituen ikuskizuna prestatu dute, herritarrekin elkarbanatzeko.
Maiatzeko Santikutz jaietarako iragarrita zegoen ekitaldi hau, jaietako azken egunerako, baina eguraldi txarra medio ez zen gauzatu, eta beste egun batean eskaintzeko geratu zen. Egun hori iritsi da, igandea, urriaren 5a.













