Olaia Inziarte, gaur Altzagan, igandean Beasainen
Autobusa antolatu dute gaur Altzagara joateko. Altzagako urriaren 10eko Eñaut Elorrietaren kontzerturako gonbidapena behar da.
Altzagako Udazken Kulturalak bi euskal sortzaile ezagun eramango ditu herrira. Gaur, ostirala, Olaia Inziarterekin solasaldi musikatua izango da, Esanezin taldeko Ianire Aranzabe altzagarrak gidatuta, Ertoetxen. 18:30ean irekiko dituzte ateak, eta 19:00etan hasiko da. Urriaren 11n, aldiz, Eñaut Elorrietak saioa eskainiko du Ateosteko bira emanaldi sortaren barruan, elizan.
Dohainik dira bi emanaldiak, baina gonbidapenak hartu behar dira aurrez, altzaga.eus webgunean. Garraio publikoa jarri dute egun horietarako. Altzagara joateko autobusak gaur eta hilaren 11n Itsasondotik 18:35ean aterako dira, Ordiziatik (18:35) eta Aramatik (18:40) igaro, eta Altzagara 18:45ean iritsiko dira. Itzulerakoa, berriz, gaur Altzagatik 20:45ean irtengo da, Araman 20:50ean gelditu eta Ordiziara iritsiko da 20:55ean. Hilaren 11n, aldiz, itzulerakoa 21:00etan irtengo da Altzagatik, Aramatik (21:05), Ordiziatik (21:15), Itsasondotik (21:25) igaro eta Legorretaraino iritsiko da 21:30ean.
Etzi Beasainen
Bihar Altzagan egon ondoren, igandean Goierrira itzuliko da Olaia Inziarte, beste emanaldi baterako. Igartza Musika zikloaren barruan, Igartzako jauregian akustikoan joko du Oronozko musikariak, 19:00etan. Gonbidapen bidezko emanaldia izango da hori ere; dagoeneko agortu dira denak.













