Urola garbitu ondoren, Barrendiolako araztegia bisitatuko dute bihar legazpiarrek
Aurtengo Erreka Egunak bi jarduera proposatu ditu. Joan den larunbatean 244 kilo zabor bildu zituzten Urola ibaiaren garbiketan, eta bihar bisita gidatua egingo dute araztegira.
Aurtengo Erreka Egunak bi hitzordu proposatu dizkie legazpiarrei, udalaren eta Olamendi eta Haztegi ikastetxeen ekimenez. Joan den larunbaterako egindako deialdiari erantzunez, Urola ibaia eta inguruko errekak garbitzeko tartea hartu zuten 50 boluntariok, eta larunbat honetan, bihar, Barrendiola araztegia bisitatzera joango dira, urtegitik etxera iristen den ura nola tratatzen duten ezagutzeko.
Joan den larunbateko lanaren emaitza hainbat egunez egon da ikusgai Euskal Herria plazan, errekak garbitu ondoren jasotako hondakinak bertan pilatuta egon direlako. Goiz bakar batean 244 kilo zabor bildu zituzten.
Hondakin gehienak plastikoak, latak eta inoiz ibaian amaitu beharko ez luketen beste hondakin batzuk ziren. Azken horien artean aipagarriak ziren tabernako hiru aulki. Hirigunea izan zen zikinkeria gehien pilatu zuen eremua.
Laguntzaileei eskerrak
Ohi bezala, herriko ikasleak eta familiak izan dira jarduera honetan gehien inplikatu direnak, baina izan dira boluntario gehiago ere, eta udalak eta bi ikastetxeek eskerrak eman dizkie guztiei: «Atsegin handia da hainbeste jende ikustea ekarpenak egiteko eta gure ingurua zaintzeko gogoz».
Kattagorri elkartea ere gogoan dute, lana amaitzean «indarberritzeko» boluntario guztiei Azokan eman zitzaien «hamaiketako goxoa» prestatzegatik. Tarte hori trikitiabarren eta panderoarekin doinuekin alaitu zuten Agurtzane eta Jon Elustondo anai-arrebek, «jai giroa sortuz», eta horiei ere eskerrak eman dizkiete. Udal brigadako langileek egindako lana ere aitortu dute, hondakin guztiak bildu zituztelako.
«Horrelako egunek erakusten dute elkartzen garenean gauza handiak lor ditzakegula. Eskerrik asko guztioi Urola garbi mantentzen laguntzeagatik!».
Bihar, araztegira bisita
Aurtengo Erreka Egunaren bigarren hitzordua bihar izango da, Barrendiolako araztegira egingo den bisita gidatuarekin. Bisita horretan aurreko larunbatean erreka garbitzen jardun zutenek parte hartzeko aukera dute.
Autobuseko joango dira Barrendiolako urtegiraino. 09:00etan aterako da Laubideko biribilgunetik, eta 09:15ean izango du ordua Saturnino Telleriakoan. Legazpira itzultzeko bi autobus izango dira. Lehena 12:00etan aterako da araztegi ondotik, eta Saturnino Telleriako biribilguneraino joango da, eta bigarrena 13:00etan aterako da urtegitik, Aizkorri kaleko autobus geltokiraino.
Barrendiolako araztegiko teknikari batek egingo ditu bisitako gidari lanak, eta bertan, instalazioak erakusteaz gain, urtegitik doan urari etxera iritsi aurretik ematen zaion tratamendua azalduko du.














