Arartekoak atzera bota ditu Hezkuntza Sailak Ordiziako eskola-segregazioa konpontzeko aurkeztutako neurriak
Ordiziako "eskola-segregazio egoera larriari" buruzko 2025eko irailaren 29an egindako Arartekoaren azken txostena "zalantzarik gabekoa" dela nabarmendu dute.
Urdanetarrak Ordiziako Eskola Publikoko Gurasoen Elkarteak jakinarazi duenez, Arartekoak atzera bota ditu Hezkuntza Sailak Ordiziako eskola-segregazioa konpontzeko aurkeztutako neurriak, legerik eta gomendiorik bete ez dela esanez. Urdanetarren esanetan, “ekintza politiko ezak betikotu egiten ditu udalerriko haurren desoreka eta zaurgarritasuna”. Era horretan, “arazoa, konpondu beharrean, betikotu egin da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bere aurkako ebazpenak pilatzen dituen bitartean, familiei, elkarteei, udal gobernuari eta Arartekoari berari entzungor eginez”.
Ordiziako “eskola-segregazio egoera larriari” buruzko 2025eko irailaren 29an egindako Arartekoaren azken txostena “zalantzarik gabekoa” dela nabarmendu dute: “Ordizian segregazioak bere horretan jarraitzeaz gain, Hezkuntza Saila desoreka argudio formalekin justifikatzera mugatu da, neurri eraginkorrak hartzea saihestuz”. Era berean, “Arartekoak azpimarratzen du indarrean dagoen legeriak (LOMLOE eta Euskal Hezkuntza Lege berria) administrazio guztiak behartzen dituela helburu hori betetzeko behar diren neurriak hartzera eta ikastetxeei beharrezko baliabideak ematera. Arartekoak erantzukizun instituzionala eskatu du”.
Arartekoaren bi ebazpen
Urdanetarrak Guraso Elkarteak gogoratu du, azken urteotan, Arartekoak bi ebazpen irmo eman dituela (597/2019/QC eta 2025R-11-24), eta horietan neurri zuzentzaileak, ikasleen banaketa berrikustea eta jatorriaren eta zaurgarritasunaren araberako eskola-segregazioa amaitzea eskatzen du Ordiziako funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan.
“Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erantzun du araudia errespetatzen duela eta sare publikoak, harrera-ahalmen eta baliabide gehiago dituelako, ikasle zaurgarrien eskolatzean pisu handiagoa hartzen duela”.
Hala ere, Arartekoak “ez du nahikotzat jotzen argudio hori, eta funts publikoekin finantzatutako zentro guztiek erantzukizun hori modu proportzionalean eta bidezkoan partekatuko duten eredu baterantz aurrera egiteko beharra” nabarmentzen du.
Ordiziako egoera bakarra ez, baina bai “eredugarria” dela azpimarratu dute: “instituzioek erabakitasunez jokatzearen eta hezkuntza komunitatearekin lankidetza estuan aritzearen beharra erakusten du, tokian tokiko elkarrizketarako espazioak sustatuz —Udal Hezkuntza Kontseilua kasu— eta inklusiorako gidalerroak praktikara eramango direla ziurtatuz”.
“Kezka sozial eta hezitzaile sakona”
Urdanetarrak Ordiziako Eskola Publikoko Gurasoen Elkarteak, “Ordiziako herriak kezka sozial eta hezitzaile sakonaren agertokia izaten” jarraitzen duela nabarmendu du. “Ordizia da 10.000 biztanletik gorako udalerrien artean immigrazio tasa handiena duen udalerria (%20,5). Eskolatze-datuei erreparatuz gero, datu hori are handiagoa da; izan ere, eskolatutako 2 eta 3 urteko ikasleen familien % 40 inguru atzerrian jaiotakoak dira. Hezkuntza Sailak Arartekoari emandako datuen arabera, jatorri atzerritarra duten familien udalerriko ikasleen %81 eskola publikora joaten da. Jakintza Ikastola HLHIPn ikasleen %86 autoktonoak dira eta eskola publikoan %47. Eredu hori urtero errepikatzen da, eta justifikatzen zaila den egoera bat sortzen du inklusioa eta aukera-berdintasuna helburu dituen sistema batean”.
Egoera horren aurrean, “Arartekoak Hezkuntzari bidalitako mezua argia da: zuzentasunak eta gizarte-kohesioak ezin dute itxaron. Ordiziak irtenbideak behar ditu, eta Eusko Jaurlaritzak unean uneko eskakizun legal eta etikoen mailan egongo dela espero du”. Arartekoaren txostenaren amaierak honela dio: “Gomendioa ez da onartu eta neurri zuzentzaileak aplikatu gabe daude oraindik”. Horrekin batera, gaineratu du” eskola-segregazioaren egiturazko konponbidea ez dela Ordiziarena soilik eta ez duela gelditasuna justifikatzen, eta hezkuntza-administrazioa bera ez dela bere betebeharra betetzen ari”.












