Oihane Auzmendi eta Jon Dorronsoro omendu dituzte Sustraiak taldeko dantzariek
Taldeko arimak dira biak, eta taldekideen esker ona jaso zuten larunbateko dantza jaialdiaren ondoren egindako bazkarian. Sustraiak bere 50. urteurrena ari da ospatzen, eta ibilbide luze horretan ibili diren dantzariak elkartu ziren dantza egiteko eta bazkaltzeko.
Festa giroa nagusitu zen larunbatean Legazpiko kaleetan, Urbeltz pilotalekuan eta Azokan, Sustraiak dantza taldearen Mende erdi herria dantzan jarriz jaialdiaren aitzakian. Dantza taldea bere sorreraren 50. urteurrena ari da ospatzen aurten, eta ibilbide luze horri errepaso egiteko elkartu ziren 200dik gora dantzari eta taldeko lagun.
Jaialdiaren amaieran Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren izenean, oroigarri bat eman zion Xabier Mendizabalek dantza taldeari, eta Jon Dorronsorok eta Agurtzane Gabiriak jaso zuten guztien izenean.
Ondoren, bazkarian elkartu ziren Azokan guztiak, eta bazkalondoan taldekideek tarte bat hartu zuten Oihane Auzmendi eta Jon Dorronsoro omentzeko, Sustraiak taldearen arima izateagatik eta urte hauetan guztietan egindako lanagatik.
Taldekako argazkiak ateratzen ere jardun zuten, eta horietako bat izan zen Sustraiak sortu zutenek eta lehen dantzariek osatutakoa. Jaialdian parte hartutako dantzari guztiak eta musikariak batera ere elkartu ziren argazkirako, eta jaialdia hasi aurretik egindako kalejirak abiatu baino lehen ere atera zituzten argazki gehiago.
















