Slackline erakustaldi ikusgarria Legazpiko plazan
Oreka Tolosa taldeak egin zuen larunbat arratsaldean, Korosti Trail lasterketen aurrekari. Haurrentzako jarduerak izan ziren egun osoan, eta arratsaldean, elizako kanpandorretik pareko eraikineraino jarritako soka gainean ibili ziren.
Atzoko Korosti Trail mendi lasterketen aurrekari, larunbatean slackline erakustaldi ikusgarriak egin zituzten Legazpiko plazan egun osoan zehar. Oreka Tolosa taldeko kideak arduratu ziren erakustaldiez eta egun osoan zehar haurrentzako egin zituzten jarduerez.
Haurrentzat sokak lotu zituzten plazako zuhaitzen artean altuera desberdinetan, eta gainean oreka mantentzen saiatu ziren asko eta asko, Oreka Tolosakoen jarraibideekin.
Oreka Tolosako kideak, bestalde, altuera handiagoan ibili ziren, elizako kanpandorretik pareko eraikineraino jarritako soka gainean, plazan bildutako jendearen harridurarako eta gozamenerako.















