Bularreko Minbiziaren aurkako Munduko Egunak arrosaz koloreztatuko du Legazpi
Katxalinek LegazTipi-Tapa paseoan parte hartuko du, eta mahaiak jarriko ditu hainbat egunetan informazioa zabaltzeko eta materiala saltzeko. Udalak arrosaz argiztatutako du udaletxeko fatxada asteburuan.
Legazpiko Katxalin elkarteko hainbat kide, uztailean ospatutako Katxalin egunean.Tere Madinabeitia Legazpik bat egingo du aurten ere urriaren 19ko Bularreko Minbiziaren aurkako Munduko Egunarekin, eta Katxalin elkarteak presentzia berezia izango du datozen egunetan kalean.
Ostegunean, bularreko minbizia edo minbizi ginekologikoa duten emakumeei laguntzen dien elkarte horrek LegazTipi-Tapa paseoan zabalduko ditu bere aldarriak, partaide guztiei kolore arrosaz janzteko deia eginez.
Udalak ere bat egingo du Katxalinekin, eta udaletxeko balkoian begizta arrosa bat jarriko du, eta arrosaz argiztatuko du fatxada osoa ostiraletik igandera bitartean, “gizarte osoak gaixotasun horrekin duen konpromisoa gogorarazteko”.
Gainera, Katxalinek kamisetak jarriko ditu salgai herriko hainbat gunetan. Aizkorri kaleko Didare mertzerian erosi daitezke, eta elkarteak Saturnino Telleria kaleko udal lokaletan duen egoitzan ere bai, hemen 17:00tatik 19:30era. Bestalde, elkarteak postu bat jarriko du larunbateko Kulturen Arteko Egunaren azokan. Eta hurrengo astean, kalera aterako dira eta ostiralean, urriaren 25ean herriko plazan izango dira, eta hurrengo egunean, Laubideko eta Kale Nagusiko Eroskiren denden parean.
Urriaren 19ak “Gipuzkoako gizartea gaixotasun honen ikerketa eta diagnostiko goiztiarraren garrantziaz kontzientziatzeko” balio duela diote udaleko eta Katxalineko ordezkariek, “bularreko minbizia gaixotasun larria delako, baina garaiz detektatuz gero senda daitekeelako”.
Horregatik nabarmentzen dute miaketa fisikoa egitearen garrantzia, “mingarriak ez diren noduluak, titiburuaren uzkurdura edo bularreko larruazalaren alterazioak detektatzeko”, eta mamografiak egitearena, “tumoreen % 90 detekta baititzakete. Teknika hori da eraginkorrena alterazioak aurkitzeko, baita horiek behatu baino bi urte lehenago ere”.
Legazpin izango diren ekintza solidario hauetan laguntzera eta parte hartzera gonbidatzen dituzte herritarrak.













