Etzi hasiko da Antzeztaun, hamalaugarrenez
Lau emanaldi eskainiko dira, hiru asteburuan eta bakarra urriaren 24an. Antzerkigintza gertuarazi eta formatu askotariko lanak ezohiko tokietan eskaintzea da helburua.
Lorena Arangoa eta Aintzane Baleztenak dira 'Milagros eta Valentina' lanaren antzezleak.Hitza Ataunek etzi hasiko du XIV. Antzeztaun antzerki zikloa. Ohi bezala, Intujai Teatroak, udalak eta Troskaeta tabernak antolatu dute, herritarrei antzerkigintza gertuarazi, eta formatu askotariko lanak ezohiko tokietan eskaintzeko. Adin tarte guztientzako aproposak dira.
Urrian garatuko dute, beste urte batez, Antzeztaun, eta guztira, lau emanaldi eskainiko dira. Aurreneko hirurak asteburuan izango dira, ostegunetik hasita: aurrenekoa etzi eskainiko dute Lorena Arangoa eta Aintzane Baleztenak Milagros eta Valentina antzerki obrarekin; 19:00etarako egin dute hitzordua, Troskaetan. Ostiralekoa, berriz, Joxemiel Barandiaran Eskolan izango da, 16:30ean, eta Tavole izeneko obra eskainiko dute. Igandekoa izango da asteburuko trotea itxiko duen azken jardunaldia. Arratsaldeko 17:00etan egingo da, Aiako Erroipen, eta Larraitz Urruzolak eskainiko duen Joan etorriko istorioak antzerkia izango da ikusgai.
Amaiera borobila emateko, azken saioa egingo da datorren ostiralean. Bitxia izango da, izan ere, gauean izango da, 22:00etan, herri antzokian. Bibitxa kolektiboaren eskutik datorren emanaldia izango da, eta Hil da jainkosa izenburupean egingo da.













