Gari Ugartek datozen bi denboraldietarako sinatu du Euskaltel-Euskadirekin
Profesionaletara egin du salto, bigarren taldean bi urte eman ondoren eta aurten stagiaire gisa debutatu ondoren.
Gari Ugarte legazpiarra Limousingo itzulian, abuztuan.Xavier Pereyron/SprintCyclingAgency Gari Ugarte (Legazpi, 2005) txirrindulariak profesionaletara salto egin du, Euskaltel-Euskadi taldearekin datozen bi denboraldietarako sinatuta. Hala, 2026an eta 2027an Euskaltel-Euskadi taldean arituko da legazpiarra.
Bi urte bigarren taldean eman ditu, eta abuztuan, maillot laranjarekin stagiaire gisa debutatu zuen. Euskadi Fundazioak azaldu bezala, 2025eko denboraldia bikaina izan da txirrindulari goierritarrarentzat: “Hain zuzen, Zamorako Itzuliko etapa bat irabazi du, baita Salamancako Itzuliko etapa bat eta sailkapen nagusia ere; bigarren izan zen Lazkaon eta Iturmendin, seigarren Castelloko Itzulian edo 12. Espainiako 23 urtez azpiko Txapelketan, eta bere mailaren distira utzi du 23 urtez azpiko itzuli ospetsuenetan, hala nola, Bidasoan, Nafarroan, Castellon eta Madrilen. Bere lehen saria uda honetan iritsi zen stagiaire bezala Euskaltel-Euskadirekin; Getxon lehiatu zen eta beste hiru proba bete zituen Frantzian. Iaz, Ataunen irabazi zuen amateurretan bere lehenengo urtean, eta Goierri Txirrindulari Eskolan hazi zen”.
Ugartek adierazi du profesionaletarako urratsa egitea “egia bihurtutako ametsa” dela berarentzat, harrobiko taldera iritsi zenetik “azken helburua” zelako “Euskaltel-Euskadi taldearekin lehiatzea”: “Eta lortu dut hainbeste mirestutako xedea. Orain, berriz, beste helburu berri batzuen bila noa, esaterako, nire txirrindulari profila aurkitu, lasterketa berri hauetan nola lehiatzen naizen ikusi. Egia esan, oso ilusionagarria da. Aurten, ikusi beharko dugu non moldatzen naizen eta non ez. Bi urte hauetan mailara egokitu eta noraino iristeko gai naizen ikusi nahi nuke”.
Lasterketa ospetsu eta entzutetsuenetan parte hartzea gustatuko litzaiokeen arren, pausoz pauso joango da: “Denok amesten dugu lasterketa handienetan aritzea, Itzulian, La Vueltan, Tourrean… Baina pixkanaka joango naiz, urratsak ematen gutxinaka. Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet bide honetan lagundu didaten guztiei, klubei, familiari eta Euskadi Fundazioari”.
Jorge Azanza Euskaltel-Euskadi taldeko kirol arduradunak Ugarteren ezaugarriak aipatu ditu, stagiaire moduan egindako lana azpimarratuta: “Garik stagiaire moduan argitu zituen gure zalantzak: adorea, trebetasuna eta maila erakutsi zituen, urtean zehar harrobiko taldean erakutsi duen bezala, denboraldi osoan lasterketa onak eginez eta Salamancako Itzuliko garaipenarekin amaiera emanez. Etorkizun eta dohain handiko txirrindularia da, euskalduna eta harrobikoa izateaz gain, eta gurekin pausoz pauso garatuko da”.
Berasategik jarraituko du
Ugarteren fitxaketarekin batera, berritzeak ere aipatu ditu Euskadi Fundazioak. Xabier Berasategik (Olaberria, 2000) taldean jarraituko du. 2026 bukaerara arte dauka kontratua.













