GOIERRIKO HITZA Palestinaren alde: Lanuzte orokorra eta jarraipen berezia
GOIERRIKO HITZAren lan taldeak bat egin du sindikatuek biharko egindako Lanuzte Orokorrerako deialdiarekin, eta Palestinari elkartasuna adierazteko goiz-eguerdirako deituak dauden mobilizazioak soilik ekarriko ditu webgunera.
Palestinako bandera.Ariane Vierbücher Biharko, hilak 15, Hego Euskal Herriko sindikatuek deitutako Lanuzte Orokorrarekin bat egin du GOIERRIKO HITZAk.
Informatzea misio eta bokazio izanda, egun horretan lanuztearekin lotutako edukiak soilik eguneratuko dira webgunean, jarraipen berezia eskainiz irakurleei. Administrazio arloko langileek, aldiz, lanuztea egingo dute 11:00-14:00 artean.
Hartara, goizean lantoki atarietan, industrialdeetan eta udaletxe aurreetan deituta dauden mobilizazioen kronikak, irudiak eta bideoak webgunean eta sare sozialetan egongo dira ikusgai. Arratsaldeko mobilizazioak ez dira kubrituko.
Urriaren 15eko lanuzte eta mobilizazio egunak honako helburuak izango ditu:
- Langile klase osoaren elkartasuna adieraztea Palestinako herriarekin.
- Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea.
- Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa salatzea, eta horrek langile palestinarren lan eta bizi baldintzetan dituen ondorio larriak.
- Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzea eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala exijitzea.
- Patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro eteteko eskatzea. Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu.
- Europako Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik eten dadin eskatzea.













