Goierri Valley Argentinako Garapen Agentzien Foro Iberoamerikarrean izan da
Nazioartekotzea eta sinergia berrien sorrera bultzatzen duen ekimen estrategikoa da Goierri Valleyren esanetan.
Urriaren 6tik 9ra bitartean Argentinan egin den Iberoamerikako Garapen Agentzien hirugarren Topaketan parte hartu du Goierri Valley, Goierriko aliantza industrialak, Partnership proiektuaren esparruan. “Ekimen estrategiko horrek nazioartekotzea eta sinergia berrien sorrera bultzatzen” duela adierazi dute, “bazkide diren enpresentzat balio erantsia duten erakundeekin harremanak sendotuz”.
FADELRAk (Argentinako Garapen Agentzien Federazioa) eta FIAPRODETek (Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Eragileen Iberoamerikako Foroa) antolatutako topaketa izan da, eta lau egunez Iberoamerikako gobernu, unibertsitate, zentro teknologiko, enpresa eta gizarte zibileko ordezkariak elkartu dituzte. Tartean izan da, Goierri Valley.
Lurraldeen garapenerako erronka berriei aurre egiteko aliantza berritzaileak eraikitzea, trantsizio digital, sozial eta ingurumeneko testuinguruan izan dira topaketaren helburuak. Era horretan, Goierri Valleyk bere lankidetza eredu industriala aurkeztu zuen, eta “interes handia piztu zuen bertaratutakoen artean”. Goierri Valleyk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, misioak Argentinako eremu estrategikoetako ACDICAR, ADER, ADEC eta ANIDE garapen agentziekin lehen harremanak izateko aukera eman du. Era berean, elkarlan aukerak ireki dira INTI eta CENTEC zentro teknologikoekin eta UTN (Universidad Tecnológica Nacional) eta UCSF (Universidad Católica de Santa Fe) unibertsitateekin, ikerketa eta transferentzia teknologikorako.
Era horretan, “misio hau giltzarria izan da sektore estrategikoetan negozio eta lankidetza aukera errealak identifikatzeko, hala nola nekazaritzako elikagaietan, energian eta petrolioan. Gure enpresei merkatu horietara tokiko eragileen sare sendo baten babesarekin sartzeko aukera eman nahi diegu, bultzada komertzial bat emanez eta beraien kabuz kontaktatu ezin dituzten entitateekin harremanetan jarriz”, nabarmendu du Xabier Perez Dorronsorok, Goierri Valleyko negozio arduradunak.
Lau lan lerro
Topaketa hau proiektu jarraitu baten parte da, eta lau lan lerro izango ditu: talentua, gobernantza, ekintzailetza eta nazioartekotzea. Goierri Valleyren kasuan, nazioartekotzean jarriko da fokua, 2026an egingo den hurrengo topaketarako enpresa misio bat prestatzeko asmoz.
Deialdi irekia
Goierri Valleyk dei egiten die Argentinan aukerak aztertzeko eta nazioarteko misio honetan parte hartzeko interesa duten enpresa guztiei, bazkide izan edo ez. Kasu bakoitzaren analisi pertsonalizatua egingo dela jakinarazi du, “proiektuari lotzeko modurik onena identifikatzeko”.
Era berean, proiektu honetan lan egin nahi duten pertsonak animatu nahi dituzte curriculuma bidaltzera, izan ere, “Global Training bekak baliatuz, Argentinako garapen agentzietan lan egiteko aukera dago, Goierri Valley-rekin harremanetan egonik lurraldea lantzeko”.













