TEK Legazpi martxan dago, eta 200 bezerori ematen die zerbitzua
Energia komunitateak Bikuña kiroldegian, Brinkola-Telleriarteko CEIDAn eta Laubideko Olamendi eskolan ditu instalazio fotovoltaikoak. Atzerapenak izan dira autokontsumoaren aktibazioan.
TEK Legazpi energia komunitatea martxan dago dagoeneko, eta herriko 200 familia eta denda txiki baino gehiagori ematen die zerbitzua, horiei guztiei argi indarraren autokontsumorako aukera emanez.
Legazpiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzari esker martxan jarritako proiektu honen lehen fasean, hiru instalazio fotovoltaiko jarri zituzten martxan herrian: Bikuña kiroldegian, Brinkola-Telleriarteko CEIDAn eta Laubideko Olamendi eskolan. Azken honetan, eguzki plaken bidez sortutako energia biltegiratzeko bateriak ere jarri zituzten hasieratik.
Beste fase batean, komunitatea osatzeko bazkideak lortzeari ekin zioten, eskainitako plazen % 98ko okupatuz. Herritarren erantzun hori ikusita, TEK Legazpiren Zuzendaritza Batzordeak beste pauso bat ematea erabaki du hil honen hasieran, eta CEIDAren eraikinean eta kiroldegian ere bateriak instalatuko dituzte, eta kiroldegian eguzki plaken 23 kWp gehigarria ere bai. Pauso hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuaren laguntza ekonomikoari esker eman ahal izango da, sail horrek 55.000 euroko laguntza eman duelako instalazio guztietan energia biltegiratzeko ahalmena handitzeko.
Autokontsumoan atzerapena
TEK Legazpi aurrera doa beraz, baina bazkideetako batzuk atzerapenak jasan dituzte instalazio fotovoltaikoaren autokontsumo kolektiboaren aktibazioan. Banatzailearekin izandako arazo burokratikoen erruz gertatu dira atzerapen horiek, baina datozen egunetan aktibatuko da autokontsumorako sarbidea CEIDAko eta Bikuña kiroldegiko plaza batzuetan.













