«Abesbatzara jende berria etortzeko irrikan nago»
Txikitatik du gustuko musika korala Marian Lasak, eta abesbatzan 14 urte zituela sartu zen. Gero zuzendari egin zuten, eta 30 urte egin ditu lan horietan.
Marian Lasak goitik ospatuko ditu Santikutz abesbatzako zuzendaritzan egindako 30 urteak, koruko kideek Donostiako Orfeoia ekarriko dutelako okasiorako. Larunbatean abestuko du Orfeoiak Legazpin, herri osoarentzat.
Noiztik zaude abesbatzan?
Etxean beti izan da musikarekiko zaletasuna. Solfeoa ikasi nuen, gero pianoarekin hasi nintzen, eta 14 urterekin joan nintzen abesbatzara, han abesten zuen Rafa anaiak bultzatuta. Musika korala txikitatik gustatu zait.
Eta zuzendari noiz hasi zinen?
Rafa zen orduan zuzendaria, eta hark eskatuta ikasi nuen zuzendaritza. Ikasketekin animatuta, haurren Eluska abesbatza sortu genuen 1990eko hamarkadan, eta hura zuzentzen hasi nintzen. Buztintegi koruko zuzendaria ere izan nintzen. Biak desagertuta daude.
Gero Santikutz etorri zen.
Rafa Donostiako Orfeoira joan zenean, niri pasa zizkidan zuzendari lanak 1995ean. 27 urte nituen, eta Arrasaten egin nuen debuta publiko aurrean. Gogoan dut oso urduri nengoela, baita jantzi nuen soinekoa ere. Beltza zen, zuzena eta xumea, goi aldean enkajea zuena.
Eta geroztik, jantzi gehiago.
Bai! Abeslarien jantziak ere aldatzen joan dira. Korua bera ere bai.
«Ez da behar musika edo solfeoa jakitea, kantatzea gustatzea nahikoa da. Nik erakutsiko diet abesten, hori da nire lana»
Nola eboluzionatu du koruak?
Abesbatza guztietan goraldiak eta beheraldiak egoten dira, eta gurean ere bai. Garai batzuk izaten dira onak, eta beste batzuk ez. Abeslariak zahartzen joaten dira eta taldea uzten dute, jende berria etortzen da, berri horiek aurretik daudenekin egokitu behar dira… eta aldaketak ez dira errazak izaten.
Nola dago orain Santikutz?
Oraintxe ondo gaude. Taldea 49 lagunok osatzen dugu, eta emakume gehiago gara gizonak baino. Ahots mota guztiak ditugu, eta lantzen dugun errepertorioa askotarikoa da. Hala ere, jende berria etortzeko irrikan nago. Askok esaten didate jubilatzen direnean hasiko direla, baina nik esaten diet ez itxaroteko, etortzeko orain. Ez dago adin mugarik!
Zer behar da koruan sartzeko?
Ez da behar musika edo solfeoa jakitea, kantatzea gustatzea nahikoa da. Nik erakutsiko diet abesten, hori da nire lana. Bokalizazioa lantzen da, partiturak jarraitzen ere bai, eta errepikatuz eta errepikatuz, belarria egiten dute eta abesten ikasten dute.
Zer ematen dizu zuzendari izateak?
Musika gustuko dut, eta zuzendari izatea ere bai. Batzuetan asko eskatzen diet abeslariei, baina aginduak ondo hartzen dituzte, asko errespetatzen naute, eta horrekin gustura nago. Eta herrian abesbatzak harrera ona duela ikusita, horrek animatu egiten nau. Gainera, nire egunerokotik aldentzen laguntzen dit.
Nola hartu duzu Orfeoiaren kontzertua?
Orfeoia berezia da niretzat, Rafa eta Marilur anai-arrebek bertan abesten dutelako, baita Pablo Gonzalo koinatuak ere. Egundoko oparia da, eta badakit oso hunkigarria izango dela.















