Aldundiak "seriotasuna, gardentasuna eta zorroztasuna" eskatu ditu AHTren zundaketak finkatzeko garaian
Eider Mendoza diputatu nagusiak ohartarazi du katak esleitzeko lanek Aralarren sartzea aurreikusten dutela, nahiz eta Espainiako Gobernuak ziurtatu Aralar inguratuz egingo dituztela.
Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia. “Abiadura Handiko Trena EAEren eta Nafarroaren artean lotzeko zundaketak ez dira oraindik hasi, eta are larriagoa dena: Gipuzkoari dagokionez, aurreko trazaduraren gainean egitea aurreikusten da, Aralar inguratu gabe”, ohartarazi du Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jose Antonio Santano Espainiako Estatu idazkariak herenegun Bilbon egindako adierazpenen berri izan eta gero.
Mendozak jakinarazi duenez, nahiz eta Garraioetako Estatu idazkariak aipatu duen zundaketak Aralarko mendigune nagusitik urrun egingo direla, lan horiek esleitzeko kontratuak Aralarren barruan dauden lau puntu finkatzen ditu. “Baieztatzen da Eusko Jaurlaritzak 2018ko alegazioetan egindako proposamena hartzen dela oinarritzat, baina paperaren gainean ikusten dugu orain proposatutako katak ez datozela bat alegazioen dokumentu horretan jasotako trazadura alternatiboarekin, Aralar osorik inguratuko lukeen trazadurarekin, alegia. Trazadura hori aztertzea ontzat eman zuten, baina orain ez dute errespetatzen. Aldaketa horrek azalpen argia eta zehatza eskatzen du”, ziurtatu du eta Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanei dagokienez “seriotasuna, zorroztasuna eta gardentasuna” eskatu ditu, behin berriro ere.
2018an proposatutako trazatuan ez
“Horregatik guztiagatik, kezkagarriak dira egindako adierazpen publikoak. Gipuzkoan orain aurreikusitako zundaketak aurreko trazatuan kokatuko lirateke, eta ez Eusko Jaurlaritzak 2018an proposatutakoan”, adierazi du. Aldaketa horrek azalpen “argia eta zehatza” eskatzen du, Mendozaren iritziz eta eskatu du Euskal Y-aren eta Nafarroaren arteko loturari dagozkion lanetan “seriotasuna, zorroztasuna eta gardentasuna”.
Diputatu nagusiak berretsi du, azpiegituraren “funtzionaltasunerako eta lehiakortasunerako”, “berebiziko garrantzia” duela lotura hori Ezkiotik egiteak eta katak “lehenbailehen abiatzeko, baina ondo abiatzeko” eskatu du. “Lankidetza leiala eta zintzoa eskaintzen diogu Ministerioari. Baina zorrotzak izan behar dugu, eta hala izango gara. Gipuzkoaren eta gure herriaren etorkizuna jokoan dagoelako”, defendatu du, gogoan izanda Abiadura Handiko Trenaren iritsierak “Gipuzkoaren eta Euskadiren egituraketari, deskarbonizazioari eta lehiakortasunari zuzenean eragiten dion atzerapen historikoa pilatzen duela dagoeneko”.













