Arkeologiara zuzendu dute 2026ko Barandiaran ikerketa beka
2026ko ikerketa arkeologia arloari eskainia egongo da. Azaroaren 30era arte aurkez daitezke proposamenak.
Joxe Migel Barandiaran Fundazioak egin du 2026ko izen bereko ikerketa bekaren deialdia eta azaroaren 30era arteko epea utzi du proiektuak aurkezteko. Arkeologiaren esparrukoak izan behar dute ikerlanek, bi urtean behin etnologiarekin txandatzeko duen ohiturari segika, urte bikoitietan hala egokitzen baita, eta besteak beste, Euskal Herriko indusketa arkeologikoen mundura hurbilpen bat egitea bilatzen du. 1980an hasi zen Eusko Ikaskuntza Barandiaran beka ematen, eta 1988tik fundazioak berak kudeatzen du.
Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo bizi diren eta euskal kulturaren alorrean lanean ari diren pertsonek aurkeztu ditzakete lanak, baina batez ere ikertzaile gazteei eta hasi berriei zuzendutako deialdia da, eta horiekin batera eskarmentu handiagoko adituren bat edo beste ere sar liteke taldean. Banaka ere aurkez daiteke proiektua.
10.000 euroko diru saria
Ikertzaileak edo taldeak 2026an garatuko du arkeologiari buruz proposatu duen ikerlana. Fundazioak 10.000 euroko beka emango dio horretarako, hiru zatitan banatuta. Lana garatzeko, hala, urtebeteko epea izango du, luzapenik gabe.
Orain, baina, eta azaroaren 30erako, Fundaziora dokumentazioa eta egitasmoaren txostena aurkeztu behar dira (gasteiz@barandiaranfundazioa.eus): eskabidea, hautagaien curriculumak, ikasketak, egindako lanak, ikerlanak, argitalpenak edota sariak, eta lanari buruzko txosten zehatza, xehetasunekin. Fundazioak abenduaren 31rako jakinaraziko du bekaduna zein izango den.













