CAF taldeak 110 milioi eurotik gorako hiru kontratu lortu ditu Europan
150 autobus elektriko hornituko dizkie Herbehereetako eta Poloniako operadore nagusiei.
Solaris Urbino 9 modeloa.CAF CAF taldeko Solaris enpresak Europako merkatuan duen lidergoa sendotzen jarraitzen du. Konpainiak 110 milioi eurotik gorako balioa duten hiru kontratu berri sinatu ditu Transdev Nederland GZM Metropolis eta MZA Varsovia operadoreekin, guztira 150 autobus elektriko inguru hornitzeko.
Lehen hitzarmena Herbeheretan gauzatuko da: Transdev Nederlandek 55 autobus elektriko erosiko dizkio Solarisi. Horien artean izango dira Urbino 9 LE alektrikoa, Solarisen ibilgailu laburrena, eta Urbino 24, artikulazio bikoitzeko eredua. Ibilgailuak 2026ko udarako entregatuko dira, eta Arnhem-Nijmegen-Foodvalley emakida eremuan ibiliko dira.
Bestalde, Polonian, MZA Varsoviak 50 autobus artikulatu eskuratu ditu (18 metrokoak, 700 kWh-ko bateriekin) eta GZM Metropolis elkarteak beste 42 autobus eta karga-azpiegitura enkargatu dizkio enpresari. Guztira, 12 eta 18 metroko ibilgailuak izango dira, segurtasun eta flota-kudeaketako azken teknologiak barne.
Autobus Jasangarriaren Saria
Solarisek, gainera, Urbino 10,5 elektriko modeloa aurkeztu du aurten, eta 2026ko Autobus Jasangarriaren Saria jaso du Busworld 2025 azokan, Bruselan. Horrek enpresaren berrikuntza eta jasangarritasunaren aldeko apustua berresten du.

Konpainia 1997tik ari da MZA Varsoviarekin lanean, eta ordutik 1.350 autobus baino gehiago entregatu ditu. Kontratu berri hauek Solarisen historian kontratazio maila handiena markatzen ari den urteari jarraipena ematen diote.













