Gipuzkoako eta Goierriko geologia ezagutzeko saio bikoitza
Hitzaldia izango da gaur Zumalakarregi museoan eta Gabiriara txango geologikoa igandean. Koen Van den Driessche geologoak gidatuko ditu bi saioak.
Koen Van den Driessche geologoa. Mary Beck Zumalakarregi museoak zientzia eta geologia uztartzen dituzten bi saio antolatu ditu biharko eta iganderako. Saio hauek museoan ikusgai dagoen Gipuzkoa behin betiko: lurraldea XIX. mendean erakusketaren osagarri dira eta Koen Van den Driessche geologoak gidatuko ditu. Mapa geologikoak irakurtzen ikasteko hitzaldia izango da lehena, bihar 19:00etan; eta Gure paisaiak Gabiriatik ikusi eta interpretatuta txango geologikoa igandean, 10:00etan museotik abiatuta.
Biharko hitzaldian Gipuzkoako lurrazpiak gordetzen dituen sekretuak azalduko ditu Van den Driesschek: «Mapa geologiko batek milioika urteko historia gordetzen du bere baitan; kolore, lerro eta sinboloen bitartez arroken formazioa, mugimendu tektonikoak eta paisaiaren eraldaketa agerian utziz», azaldu dute antolatzaileek.
Igandeko txangoa museotik bertatik abiatuko da eta kotxea egingo dute Gabiriara arteko bidea. «Goierriko begiratokia, Gabiriako eliza ingurua eta hilerria» bisitatuko dituzte. Ibilbidean zehar paisaia geologo baten begiradatik interpretatzeko aukera izango dute parte hartzaileek: «Goierriko paisaiek antzinako itsaso tropikalen, arrezifeen eta urpeko sumendien memoria gordetzen dute bere mendi eta haranetan» eta horiek bertatik bertara ikusteko aukera eskainiko du irteerak. Bi saioak doakoak dira, baina izena eman behar da mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidean.














