Gizon bat atxilotu dute Ordizian, indarra erabiliz lapurreta egiteagatik eta lokala usurpatzeagatik
Ertzaintzak 29 urteko gizon bat atxilotu du Ordizian, eraikin bateko beheko aldean kokatutako lonja batean gaua pasatzen harrapatu ondoren. Atxilotua indarra erabiliz lapurreta egitea eta lokala usurpatzea egotzita eraman dute polizia-egoitzara.
Gertakaria astearte goizaldean, ordu biak baino lehentxeago jazo zen, partikular batek lokalaren barruan zaratak entzun eta Ertzaintzari abisua eman ondoren. Herritarren babeseko patruila bat berehala bertaratu zen, eta sarrerako atea behartuta zegoela egiaztatu zuen.
Agenteek barruan gizonezko bat aurkitu zuten, eta horma batean zulo bat eginda zuela antzeman zuten, eraikineko beste gela batzuetara sartzeko asmoz.
Atxilotuak 29 urte ditu, eta epailearen eskuetan jarriko dute beharrezko izapideak amaitu ondoren.













