Hitzaldia eta oroigarri bat, 25. urteurreneko ekintzei hasiera emateko
Adin Etxe jubilatu elkartekoek hainbat ekintza dituzte antolatuta larunbatera bitartean , 25. urteurrena ospatzeko.
Adin Etxe jubilatu elkarteko kideak asteleheneko hitzaldian. Adin Etxe jubilatu elkartea Astelehenetik, elkartearen 25. urteurrena ospatzeko ekintzak martxan dituzte Adin Etxen. Astelehenean, Gipuzkoako jubilatuen eta pentsiodunen elkarteko lehendakari ohiak hitzaldia eskaini zuen, “oso ondo joan zen, 50 bat bazkide inguru elkartu ginen”, azaldu du Joxepi Urdangarin jubilatuen elkarteko lehendakariak.
Sorpresarako tartea ere izan zen astelehenean. Asier Albisuk 25 urte. Adin Etxe. Idiazabalgo jubilatu elkartea dion egur taila bat oparitu zion elkarteari, “elkarteko kide zen eta orain gutxi hil berria den Ramon Albisuk —Asierren aitak— hasi zuen taila; bukatu gabe utzi zuen eta haren lagun Martin Lizarazu eta Jesus Zubiarrainek bukatu dute”, azpimarratu du Urdangarinek.
Datozen egunetan, karta jokoak eta igela, toka edo bote jolasak izango dituzte elkartearen egoitzan, 17:00etatik aurrera ostiralera bitartean. Ostiralekoa berezia izango da, Aizkorpe bailarako elkarteen arteko mus, toka eta igel txapelketak jokatuko baitituzte.
Larunbatean berriz, ibilaldia egingo dute goizean, 11:00etan irtenda. Ibilbide luzea eta motza egongo dira aukeran. 12:15ean amaiera festa egingo dute mokadutxo batekin.

Asier Albisu elkarteko kideei bere aitak hasitako egur taila ematen.













