Kortaria gaztandegia da txapeldunetan txapeldun
Lekarozko Julen Arburuak bosgarren aldiz jarraian irabazi du Ordizia Txapeldun gazta txapelketa. La Lezeko Eli Gorrotxategi sailkatu da bigarren eta Ondarreko Eneko Goiburu hirugarren.
Lekarozko (Nafarroa) Kortaria gaztandegiko Julen Arburuak bosgarren aldiz jarraian irabazi du Ordizia Txapeldun gazta txapelketa; guztira sei aldiz. Urrezko Gazta garaikurra ere jaso du saritzat, bederatzi puntutik gora jaso dituelako.
Ilarduiako (Araba) La Leze gaztandegiko Eli Gorrotxategi beasaindarra sailkatu da bigarren, eta hirugarren saria Segurako Ondarreko gaztandegiko Eneko Goibururentzat izan da. Hamar artzain gaztagilek aurkeztu dituzte gaztak gaur goizean Ordiziako jokatu den gazta txapelketara.
Sailkapena
- 1. Julen Arburua (Kortaria, Lekaroz). 9,14 puntu
- 2. Eli Gorrotxategi (La Leze, Ilarduiua). 8,92 puntu
- 3. Eneko Goiburu (Ondarre, Segura). 8,20 puntu
- 4. Zabaleta SC (Muniain). 7,90 puntu
- 5. Joseba Insausti (Otatza, Ordizia). 7,86 puntu
- 6. Jon Etxeberria (Ipiñaburu, Zeanuri). 7,55 puntu
- 7. Patxi Lopez de Uralde (Larreako gazta, Larrea). 7,55 puntu
- 8. Ricardo Remiro (Remiro, Eulate). 7,06 puntu
- 9. Jose Luis Odriozola (Agerre Buru, Aia). 6,91 puntu
- 10. Iñaki Ansola (Mausitxa, Elgoibar). 6,49 puntu
Martxoaren 17ko gazta
Martxoaren 17an egindako gazta aukeratu du Lekarozko Kortaria gaztandegiko Julen Arburuak Ordizia Txapeldun sarirako. “Azken aldietan otsail bukaerako gaztak aurkezten ari gara lehiaketetara. Oraingoan probatu nahi izan dugu, ea nola puntuatzen duten. Suabexeagoa zen gazta eta uste nuen beste norbaitek aterako zuela saria”. Gazta suabexeagoa izanagatik, “nahiko ekilibratua eta testura onekoa” dela nabarmendu du.
Guztira sei aldiz irabazi du Ordizia Txapeldun saria Kortariak, azkeneko bostak, jarraian. “Saiatu behar zara hasi azaro bukaeratik eta abuztura arte egiten dugun elabarozioak beti berdintsuak izaten, nahiz eta garai bakoitzak bere ukitua ematen dion. Otsailekoa garbixeagoa den bezala, martxokoak belar ukitu gehixeago duela iruditzen zait niri”.
Urrezko Gazta ere irabazi du Kortariak, nahiz eta sari hori lortzeko puntuazioa 9ra igo duten aurten. “Puntuazioarekin harritu naiz. Ez da erraza. Denen artean hobetzen ari gara eta hori da inportanteena. Orain dela urte batzuetatik, gauzak ongi eginez eta ikasiz, hobetzen ari gara”.

Ilarduiako La Leze gaztandegiko Eli Gorrotxategi, bigarren saria jasotzen.Loinaz Agirre

Segurako Ondarreko Eneko Goiburu hirugarren saria jasotzen.Loinaz Agirre













