Olamendi, izen berria baino askoz ere gehiago
Domingo Agirre eskola eta Olazabal institutua proiektu bakar batean bildu dira. Proiektu honek hezkuntza euskalduna, publikoa eta inklusiboa du helburu.
«Emozioz, konpromisoz eta esperantzaz beteriko eguna» izan da gaurkoa Legazpiko euskal eskola publikoaren komunitate handiarentzat. Domingo Agirrek eta Olazabalek Olamendi izena hartu, eta elkarrekin egingo dute «taupa» aurrerantzean, «taupadaz taupada, herriarekin duten konpromisoari eusteko».
Gaur arratsaldean aurkeztu dute Olamendi Euskal Eskola Publikoa Agirre-etxeberri parkean egindako ekitaldi xume batean. Miren Zeberio irakaslea, Mikel Uranga guraso elkarteko kidea eta Nora Gutierrez ikaslea arduratu dira etapa berri honi buruzko azalpenak emateaz.
Legazpiko Euskal Eskola Publikoaren ordezkariak laguntzeko, «egitasmo hau posible egiten duten familia, langile eta irakasleak» zeuden. Guztiek elkarrekin, legazpiar guztiei «ofizialki eta ozen» adierazi diete hemendik aurrera izen eta irudi bateratuarekin egingo dutela bidea.
Izen eta logo berriak
Aldaketa honen oinarrian gaurko gizarte ereduak dituen erronka berriei erantzuna ematea dagoela azaldu dute. «Aldaketa garaiotan, gure erantzuna batasuna da, eta aurkezten dugun proposamena herrian sustraitua, publikoa, euskalduna eta anitza da. Guztiona eta guztiontzat. Benetako bizikidetzaren aldeko apustu irmoa». Hori dela eta, elkartu, eta «bi ikastetxeek, bi etapek, bi eraikinek, bi belaunaldik, bat egiten dute taupada berri batean».
Hemendik aurrera Olamendi Euskal Eskola Publikoa izango da lehengo bi ikastetxeak batzen dituen deitura eta irudia, eta «aurrerantzean gure nortasuna definituko duen izen berri honekin, gure orografiari eta historiari keinu bat egin nahi izan diogu, mendia baita handitasunaren indarra eta ola, mugimenduaren sua».
Olamendi irudikatzeko logoa ere sortu dute, «ikasle baten ideiatik abiatuta». Irudi horretan «bi pieza, baina puzzle bera» ikus daitezke, «horiz eta beltzez jantzita, elkarrekin bat eginez, taupada bera». Bi pieza horiek adierazten dute «ibilbide beraren bi etapa, helburu komun baten taupadan haziak, lehen begiratuan desberdin, baina sakonean, puzzle bereko pieza bana». Zehaztu dutenez, «orain arteko ibilbide bakoitza ezinbestekoa da, eta elkarri egokituz, forma berri bat hartzen du: ez zatien batura hutsa, batasunaren indarra baizik».
Euskara ardatz
Bi ikastetxeak Olamendi izenpean babestuta, «euskal hezkuntza publikoaren aldeko apustu sendoa» egin dute. Bestetik, «komunitatearen aniztasuna eta aberastasuna» aldarrikatu dute, «pertsona guztientzat ateak irekiz, pertsona bakoitzaren aniztasuna errespetatuz, eta guztion gaitasunak garatzeko espazioak eskainiz». Eta euskara dute «ardatz», izan ere, «euskarak kohesionatzen du gure komunitatea, eta euskarak eskaintzen dio gure herriari ikuskera eta saretze aberatsa, bizikidetza demokratikorako ezinbestekoa». Azkenik, «herrian errotuta» dagoen proiektua abiarazi dute, «bertako eragileekin elkarlanean jarraituko dugu, hezkuntza komunitate zabala josiz, eta herriari gure ekarpena eginez: elkar zainduz».
Amaitzeko, Olamendik helburu argi bat duela azpimarratu dute, eta hori da «hezkuntza euskalduna, publikoa eta inklusiboa, guztiontzat, guztiongatik eta guztion artean eraikia».
Eskerrak ere eman dizkiete «proiektuaren muin eta xede» diren ikasleei, familiei, langileei, irakasleei eta gurekin elkarlanean diharduten herriko eragile guztiei.















