Tren geltokia irisgarriago egiteko lanak hasi dituzte dagoeneko Ormaiztegin
Artzamendi enpresari esleitu dizkiote lanak 1,2 milioi eurotan. Bost hilabeteren buruan amaituta behar dute lanek.
Makinak Eztandaertz kalearen alboko orubean lanean, atzo goizean.Josune Zarandona Martxan dira jada, Ormaiztegiko herrigunea eta tren geltokiaren artean bide berria egiteko lanak. Tren geltokia irisgarriagoa egitea herritarren aspaldiko aldarrikapena da eta urteetako lanaren ondotik, errealitate izatetik gertuago dago. Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak lan hauen garrantzia azpimarratu du; «Ormaiztegirentzako proiektu estrategikoa da», dio.
Obra handia da, bi zatitan burutuko dena. Batetik, geltokirainoko bide berria egiteko lanak daude, udalari dagozkionak eta hasi berri direnak. Eta bestetik, geltokian bertan irisgarritasuna bermatzeko Adifek egin beharrekoak.
Udalaren eskumenekoak diren lan hauetan, Eztandaertz kalearen alboko orubean hasita daude «autoentzako aparkalekua eta igogailuarentzako sarbidea izango direnaren plataforma eraikitzen», zehaztu du Enrikek. Artzamendi enpresari esleitu zaizkio lanak eta guztira, 1.200.0000 euro inguruko aurrekontua dute. Igogailuaren azpiegiturak bi pasarela ere izango ditu: lehena, gaur egun geltokira iristeko igo behar diren eskailerak dauden lekura iritsiko da eta bigarrena, gerora geltokiko sarrera izango den hall batera. Bigarren pasarela hori Adifek ondoren egingo dituen irisgarritasun lanekin lotuko da.
Proiektu bateratua
Ormaiztegiko Udalak proiektu bateratu baten lanketa egin du Adifekin, tren geltokiaren irisgarritasunaren arazoari behin betiko irtenbide bat emateko. Bere eskumenekoak diren lanak «bost hilabeteko epean» amaituta egongo direla aurreratu du alkateak, baina kexu da, ondoren egin behar diren lanetarako Adifek oraindik datarik zehaztu ez duelako.
Behin lan hauek amaituta, kotxeentzako aparkalekua eta igogailua herritarrentzako erabilgarri egongo dira alkateak aurreratu duenez, baina Adifek egin beharreko lanak burutu bitartean, eskailerak erabiltzen jarraitu beharko da geltokiraino iristeko.



















