Bigarren Suklatoi erronkako data zehaztuta: apirilaren 11
Kuadrilla arteko bikotekako bizikleta eta korrika lehiaketa da Sukatloia. Ordiziarrek har dezakete parte, 2008an edo lehenago jaiotakoek.
Uztailaren 18an jokatu zen I. Sukatloiko parte hartzaileak.Sukatloia. Herriko lagun talde (2005ean jaiotakoak) baten ekimenez, uztailaren 18an, lehenengo Sukatloi erronka jokatu zen Ordizian. Lagunarteko saskibaloi, pilota edo futbol txapelketak egiten diren bezala, korrika eta txirrindu probak oinarri izango zituen apustua antolatzea erabaki zuten. Lau bikotek hartu zuten parte eta denborarik onena osatutako bikotea, Oier Uranga eta Unax Rodriguesena izan zen.
Lehenengo edizioak izandako arrakasta ikusirik, kuadrillatik haragoko erronka antolatuko dute datorren urtean. Data dagoeneko zehaztuta dago: apirilaren 11, larunbata.
Sukatloiko Markel Leundak azaldu duenez, aurten kuadrillakoen artean egin duten apustua «nahiko ondo» atera zela ikusita animatu dira. «Beste kuadrilletako batzuek esan ziguten ea apuntatu zitezkeen. Orduan erabaki dugu datorren urtekoa hobeto antolatzea, eta Ordiziako beste kuadrilla guztiei ere aukera ematea izena emateko. Hasi gara jada ibilbideetako baimenak eta beste mila kontu lotzen».
Baldintzak
Beraz, Sukatloian parte hartzeko nahia dutenek izena ematea da hurrengo urratsa, Instagrameko kontuan: instagram.com/sukatloia. Ondorengo baldintzak bete beharko dituzte parte hartzaileek: ordiziarra izatea eta 2008an edo lehenago jaioa izatea. «Aurten helburua herrira zabaltzea da eta hurrengo urteetan gehiago zabaldu badaiteke zabaltzea», argitu du Leundak.
Beste baldintza bat ere jarri dute: bikotekideak kudrilla berekoak izatea. Kuadrilla bakoitzetik bikote batek baino gehiagok parte har dezake. «Ordizian badaude beste txapelketa batzuk eta posible izaten da kuadrillak nahastea. Sukatloian ez da horrela izango, benetan, kuadrillen arteko txapelketa izan dadin».
Salbuespena izango da bikotea mistoa den kasuan. «Kuadrilla mistoak gutxi daude, eta salbuespena egingo dugu, nesken kuadrilletan, bikoterik aterako ez balitz, besteren batekin elkartuta aukera izan dezaten».
Bizikletan eta korrika
Aurten uztailean egindako Sukatloia proban, Ordiziatik Larraitzera bizikletaz joan zen bikoteetako bat. Larraizko langan lekukoa hartu eta Gaztelura joan-etorria egin zuen korrika bigarrenak. Azken zatian, Alegiatik bueltan, Ordiziara bizikletaz joatea zen helburua. «Bazkaria egin genuen ondoren», gogoratu du.
2026ko erronka antzekoa izango dutela aurreratu dute. «Aurtengoa ez da oso profesionala izan eta antolakuntza aldetik hobeto joateko ari gara prestatzen. Datorren urteko ibilbideak diseinatzen ari gara eta aldatu egingo dira seguruenera. Dena den, formatua berdina izango da, bizikleta eta korrika. Babesleak lortzen ere ari gara».
Bigarren Suklatoiaren data gerturatu ahala, informazioa Instagrameko kontuan zabaltzen joango direla jakinarazi dute Sukatloikoek. Informazio gehiago nahi dutenek ere bertara idatzita eskuratu ahal izango dute.













