Ordiziako 40. Barroko Aire zikloa hasiko da igandean
Azaroko bost igandeetan 18:30ean izango dira kontzertuak, dohainik, Ordiziako elizan.
40. Barroko Aire zikloa aurkeztu dute gaur Ordizian.Loinaz Agirre. Azaroko bost igandetan Barroko Aire musika zikloa izango da Ordiziako elizan, 18:30ean. 40. ekitaldia izango da aurtengoa eta aurkezpenean Izaro Intsausti Ordiziako Udaleko kultur teknikariak nabarmendu duenez, 40. urteurrena ospatzeko ahalegin berezia egin dute “puntako musikariak Ordiziara ekartzeko”.
Ordiziako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera antolatutako zikloa izaten da eta lehenengo saioa, azaroaren 2an, Gipuzkoako organoak zikloarekin uztartuz egingo da. “Miranda de Ebron jaiotako Alberto Saez organista izango da gurean. Besteen artean, Ura bere Bidean jaialdiko musika-koroaren zuzendaritzan aritzen da lanean eta orkesta garrantzitsu askotako kide izan da”.
Azaroaren 9an, Openbrass taldea izango da Ordizian. “Metalezko instrumentuak, hiru tronpeta, tronpa, tronboia eta perkusioz lagundurik, jaialdi honetarako bereziki prestatu duten Baroque Music through OpenBrass!! programa” eskainiko dute.
Azaroaren 16an, Ordizian behin baino gehiagotan izan den Musbika Ensemble taldea izango da. Frai Frantzisko Kuruzelegi (Kruzelaegi) Askarraga: Euskal Konpositore Ahaztua obra aurkeztuko dute. “Elgoibarren jaiotako Kuruzelegi musikagile bikaina izan zen, baina bere lana Euskal Herrian ia ezezaguna da. Bere musika Mexikon gorde eta interpretatu da, han baloratua izan delarik”.
Musbika Ensemble-ak haren obra berreskuratzeko proposamena aurkeztuko du Ordizian. “Meza Bizkaitarra, Magnificat eta Laudate Dominum bezalako piezek Kuruzelegi-ren konposizio aberastasuna erakutsiko dute, haren sustrai euskaldunak eta Ameriketan izan zuen eragina uztartuz. Euskal musikaren historian merezitako lekua berreskuratzeko aukera aparta izango dugu Barroko Aire jaialdian”.
Azaroaren 23an Voce Umana taldea izango da. “Talde honek instrumentu historikoak ekarriko ditu gurera. Cornetto tenorea, serpentoia bezalakoak joko dituzte eta publikoa begiak itxiz euren doinuez kontatuko dituzten istorioetan barrena garraiatuko dute”.
Oroith abesbatzaren 40. urteurrena
40. Barroko Aire zikloaren azken kontzertua azaroaren 30ean, aurten ere 40.urteurrena ospatzen ari den Ordiziako Oroith abesbatzaren kontzertu bereziarekin. “Tolosako Hodeiertz eta Errenteriako Andramari abesbatza eta orkestrarekin elkarlanean mimo handiz prestaturiko obra aurkeztuko dute Sacrae Harmoniae, Allegri eta Scarlatti-ak, urte osoan urteurrena ospatzeko egindako ekintzak bikaintasunez borobilduz”.
Familientzako entsegu irekiak
Barroko Aireren 40. urteurrenaren harira, azken lau kontzertuetan familientzako entsegu irekiak eskainiko dituzte, 16:30etik 17:00etara. “Familiek kontzertua eskainiko duten taldeekin egoteko aukera izango dute, saio motzago bat izango da, eta bertan instrumentuak eta bitxikeriak azalduko dituzte”. Intsaustik aurreratu duenez, “saio bakoitza berezia izango da, talde bakoitzak bere modura planteatuko duelako”. Haurrek heldu batekin lagunduta joan beharko dute.













