Ordiziako EAJk "udalerriko garbiketa hobetzeko" neurri zehatzak eskatu ditu
Ordiziako jeltzaleek "garbiketa zerbitzuak indartzea eta espazio publikoen egoerari arreta handiagoa eskaintzea" eskatu dio Udal Gobernuari
Leire Bidaguren, Joseba Aranburu eta Gregorio Iruretagoiena zinegotziak.EAJ. Ordiziako EAJren udal taldeak udalerriko “espazio publikoen garbiketa eta mantenimendua hobetzeko neurri zehatzak” eskatu dizkio udalari. “Azken urteotan, batez ere asteburuetan eta jaiegunetan, hondakinak eta zikinkeria pilatu dira herriko hainbat tokitan, batez ere botiloia bezalako jarduerak egiten diren lekuetan”.
EAJko bozeramaile den Joseba Aranbururen esanetan, “kaleetan eta plazetan zabor pilaketa handitzen ari da egunero, eta Udal Gobernua ez da beharrezko neurriak hartzen ari. Herritarrek erantzun egokia merezi dute garbitasunari eta segurtasunari dagokienez”. Era berean, zinegotzi jeltzaleak “udalerriko garbitasuna bermatzeko plan integralik” ez dagoela salatu du, “eta tokiko gobernuaren kudeaketa falta” nabarmendu du.
Era horretan, EAJk hainbat neurri zehatz eskatu dizkio Udal Gobernuari: besteak beste, garbiketa zerbitzuak indartzea, batez ere asteburuetan eta jaiegunetan. “Gaur egun, garbiketa zerbitzuak ez dira nahikoa asteburuetan eta jaiegunetan, eta horrek eragina du udalerriaren irudian eta bizilagunen eguneroko bizitzan”, dio Aranburuk. Gainera, jeltzaleek eskatu dute “eremu kalteberenetan hidrolimpiagailuak erabiliz garbiketa sakonak egitea, kaleen eta espaloien egoera hobetzeko”.
Bestalde, Aranburuk azaldu duenez, “EAJk berehala jarduteko” eskatu dio Udal Gobernuari, “premiazko neurriak hartuz udalerriko garbiketa eta espazio publikoen mantentzea hobetzeko”. Izan ere, “ez dugu onartuko Ordiziak atzerapausorik ematea garbiketari dagokionez, eta herritarrek merezi dituzten kalitatezko zerbitzuak bermatuko ditugu”, amaitu du bozeramaileak”.













