Hilabeteko Gau Beltza
Ordiziako Hitzaro Euskara Elkarteak antolatuta, urriko ostiraletan Gau Beltza landu dute haurrek, auzoz auzo, ludotekan. Ostiralean, urriaren 31n, azken ekintza egingo dute: 'Xanduli Manduli'.
Ordizian urria osoa daramate Gau Beltza prestatzen eta lantzen, Hitzaro Euskara Elkarteak antolatuta, urriko ostiraletan, ludotekan. Ostiralean, urriaren 31n, amaituko aurtengo ekintza.
Urriaren 3an, Gau Beltzaren gerturatze bat egin zuten, Barandiaran plazan. “LH1eko haur batzuk elkartu ziren, Gau Beltza ospatzeko. Haurrek ipuin bat entzun zuten, Ane eta Mikel izeneko anai-arrebak baserri batean bizi ziren istorioa kontatzen zuena. Ipuinak Gau Beltza nola ospatzen den eta arima onak gogoratzeko modua azaltzen zuen”. Ondoren, haurrek kuia edo kalabaza handi batzuk hustu zituzten, argizaiolak egiteko, eta kalera irten ziren, kanta zaharrak abestuz.
Urriaren 10ean, ipuin kontaketa saioa izan zuten, D’elikatuz interpretazio zentroan. “Bertan, sorginez jantzita etorri zen ipuin kontalaria hiru ipuin kontatu zizkien. Haurrak adi-adi entzun zuten eta istorioen inguruan galderak egin zituzten”. Ondoren, bingo mitologikoa egin zuten, “Gau Beltzaren eta mitologiaren inguruko objektuekin, elkarreragin polita sortuz”.
Urriaren 17an, Altxorraren bila jarduera egin zuten haurrekin. “Taldeak osatu zituzten pegatinak erabiliz, eta herriko mapa bat hartu zuten. Pistak aurkitu behar izan zituzten ibilbideak osatzeko, talde lanean aritu ziren eta koordinazioa landu zuten”. Azkenik, puzzle handi bat osatu zuten aurkitutako piezekin, euskal mitologiari buruzko solasaldia eginez.
Urriaren 24an, Argi Berriko elkarte gastronomikoan kuia hustuketa egin zuten. “Umeek pozik ekarri zuten beren kuia eta gurasoek lagundu zuten. Ondoren, kandela jarri zuten kuietan, argizaiolak egiteko, eta poltsak apaindu zituzten urriaren 31rako. Jarduera dibertigarria izan zen, eta umeek gozatu zuten”.
Urriaren 31a, Gau Beltza ospatuko dute eta horretarako haurrak mozorrotuta etorriko dira. 17:30etik aurrera, “Xanduli Manduli ekintzan, herrian zehar denda desberdinetara joan eta goxokiak bilduko dituzte. Taldean lan egitean, elkarlana eta komunikazioa landuko dituzte”. Azkenik, gau beltzaren inguruko hausnarketa egin eta Arimen Gaua abestuko dute elkarrekin.













