Hilean 300 errazio
Ordiziako Jakintza Ikastolak Majori kiroldegiaren sarreran dagoen Zero Hondakin Hozkailua hornitzen du, jangelako janari soberakinarekin.
Elikagairik ez xahutzea. Helburu hori hartuta, martxotik martxan dago Ordizian, Majori kiroldegiaren atarian, Zero Hondakin Hozkailua, Residuos Cero Fundazioaren Rexcatering proiektuarekin elkarlanean. Jakintza Ikastolako LHko eta DBHko ikasleek, jangelako elikagai soberakinekin hornitzen dute hozkailua astelehenetik ostiralera.
Oskar Erauskin Jakintzako zuzendariaren eta Garazi Idiakez Bigarren Hezkuntzako koordinatzailearen esanetan, haien helburu nagusiena da «ahalik eta elikagai gutxien xahutzea eta ahalik eta hondakin gutxien sortzea». Eta emaitzak hor daude: «Orain arteko datuak aztertuta, 300 bat errazio berreskuratzen ditugu hilero».
Gainera, diotenez «ikasleak oso inplikatuta» daude. «Eta beraiek egiten dute dena. Hasiera polita izan zen: DBHkoek azkarrago hartu zuten martxa eta txikiagoei erakusten zieten». Txandaka, lauzpabost ikasleko taldetan, atseden orduan sukaldera joaten dira, jangelako langileek sobratutako elikagaiez beteta prestatutako ontziak [berrerabilgarriak] hartzera. Jangelaren ondoko gelan, «tabletean eguna aukeratu» eta etiketa inprimatzen dute, ontzian itsasteko. Hurrengo pausoa motxila berezietan ontziak sartu eta hozkailura eramatea da, irakasle batek lagunduta.
Ontzirik ez eramatea
11:00 aldera hornitzen dute hozkailua, eta «denbora oso laburrean husten» dela aurreratu dute. «Kiroldegian kirola egin eta bazkaria etxera eramaten duenik bada. Jendeak ordua hartuta dauka». Dena den, egun guztiak ez dira berdinak izaten: «Menuaren arabera gehiago edo gutxiago sobratzen da. Egun batzuetan ez genuen ezer ere makinan jartzeko. Ikasleek esaten zuten beraiek janaria eraman nahi zutela, baina azken batean, helburua ez da janaria eramatea, baizik eta kontrakoa: ahalik eta hutsena egotea makina, horrek esan nahi baitu, ez dela janaririk sobratu», argitu du Erauskinek.














