Kanta, musika, olerkia eta irudia bat eginda Azaroan Musika zikloan
Larunbat eguerdian "Maite ditut maite gure bazterrak' eskainiko dute Latxartegin Santikutz abesbatzak, Andoni Salamerok, Pello Ramirezek eta Josu Altzelaik.
Azaroan Musika zikloak tokiko zaporea duen hitzordua proposatzen du larunbaterako, azaroak 1. Kanta, musika, olerkia eta irudia uztartzen dituen Maite ditut maite gure bazterrak ikuskizuna eskainiko dute, eta bertan, Legazpiko Santikutz Abesbatzak jarriko ditu kantak, Pello Ramirez ordiziarrak eta bere txeloak musika, Andoni Salamero zumarragarrak olerkia, eta Josu Altzelai argazkilari legazpiarrak irudia.
Emanaldia Latxartegin izango da, 12:30ean. Sarrera librea izango da, aretoa bete arte. Ateak 12:00etan irekiko dituzte.
Proiektu honen helburua «herri grina» publikoari helaraztea da, eta horretarako, «ezinbestekoak diren bi gauza» aintzat hartu dituzte egileek. Batetik, «Legazpi herriaz jardunez, irudimenaz baliatuz, maite ditugun Legazpiko hainbat txokoren ibilbidea itxuratu dugu». Bestetik, «leku horiek kontuan hartuta, toki horiekin zerikusia leukaketen kantuak» osatu dituzte.
«Une bereziak»
Maite ditut maite gure bazterrak ikuskizunean zehar Legazpin bizitako «une bereziak» igoko dituzte taulatura, Santa Ageda, Errege eguna, San Juan, Santa Zezilia edo Santikutzak bezalakoak. «Irudimenaren bidez, abesbatzaren ahotsez, txeloaz, prosa poetikoz idatzitako gidoiaz, argazki ederrez, zein hitzez giroturiko kontakizunaz» baliatuko dituzte horretarako.
Irudiei dagokionez, Josu Altzelairen lana «ezinbestekoa» izan da, «geuk musikaz eta hitzez irudikatu nahi genuen huraxe argazki eder eta zehatzetan agertzerako orduan». Pello Ramirez txelo jolearen musikak eta Andoni Salameroren poesiak abesbatzaren emanaldia «edertzen eta aberasten dute».













