Telleria behi gazta, ontze puntu onenean
Neguan ere izaten dira frutak, horien artean mizpira. Altzagatik iritsi dira urteko lehenak, oraindik gogor samarrak.
Apirilean ardi gazta berria aurkezteko egiten den zeremoniarik gabe ebaki du gaur goizean ondutako behi gazta Mutiloko Beñat Telleria Ordiziako azokan. Urte osoan izaten duen gazta samurrarekin eta gazta urdinarekin osatzen duen eskaintza osatzera etorri da gazta berri hori. Udaberriko belardietan jandako behi esnearekin egindako gazta da, lau kiloko tamainakoa. Horrelako pieza lortzeko, 32 litro esne erabili behar izan ditu. Estimazio handiko gazta mota da, ohikoa baino fuerteagoa, eta aurtengo kanpainan 2.000 kiloko ekoizpena egin du. Gaur izandako harrera ikusita, laster salduko ditu denak. Kiloa 19,5 euroan jarri du salgai.
Behi gazta ondua ez da berria ferian, duela hilabetetik gora Judith Garciak ere aurkeztu zuelako Behieko markakoa. Hori ere udaberriko esnearekin egindakoa da, baina denbora gutxiagoan ontzen utzitakoa, hori bai, gutxienez bi hilabete.
Gaztaz gain, izan da goizean berritasun gehiagorik Plaza Nagusian, fruten atalean hain zuzen. Egunak negu itxura hartzen hasi dira, eta garai horietarako aproposa den mizpira iritsi da. Altzagako Arantxa Lopetegik jasotakoa zen, eta Maria Jesus Oria ilobak aurkeztu du, kiloa 2,5 euroan. Oraindik gogorrak daude, eta pixka bat itxoin beharko da jateko puntuan egoteko.
Barazkietan ere iritsi da produktu berri bat, kukulu gorria. Zeraingo Intxausti anaien postuan zuten salgai, unitatea 1,15 euroan. Jokin zegoen gaur postuaren arduran, eta kukuluaren prezioa galdetutakoan, supermerkatuan baino merkeago zuela esan du, «feria honetan saltzen diren beste hainbat eta hainbat barazki bezala». Eta arrazoia du.
Bertako onddorik ez
Perretxikoetan, bertako onddoen falta da nabarmena. Gertukoenak Arantxa Lopetegik zituen, lau kilo, 30 euroan kiloa, horien artean 900 gramoko pieza bat. Gibelurdinak ere bazituen, bi kilo, feriako bakarrak, kiloa 25 euroan.
Bestela, hauxe izan zdaen eskaintza: 150 kilo onddo (25-42 euro), 35 kilo ziza hori (22-28 euro), 15na kilo mendiko angula eta saltsa perretxiko beltz (25 euro), eta 5 kilo niskalo (27 euro).
Loreak eta bisitak
Amaitzeko, lore kontuak. Jaione Irazustak margarita frantsesak zituen salgai, horiak, sorta 4 euroan.
Bestalde, Azanzak oraindik baditu zentroak hilerrira eramateko, eta gaur gehienak saldu baditu ere, Zaldibian duen mintegian ere jarraituko du saltzen datozen egunetan.
Nahiko lan izan du gaur goizean zentro horiekin Azanzak, baita ferian bisitan joan diren ikasle gaztetxoen erosketa txikiekin ere. Legorretako eskolako eta Nafarroako Antsoain herriko Ezkuba ikastetxeko ikasleak izan dira gaur ferian, baita Tolosako Inmaculada ikastetxeko talde bat ere.
Orburuak ere aipatu behar dira, horiek nobedade direlako fruta saltzaileen postuetan. Tuteratik iritsita, dozena 8,95 eta 9,95 artean dago salgai.















