Erramun Amundarain hil da
Atzo gauean hil zen Ordizian bizi zen itsasondoarra. Herrigintzako aktibista nekaezina izan da. Azken herri agurra bihar , igandea, egingo diote Ordiziako Plaza Nagusian, 19:00etan.
Erramun Amundarian, 2022an, Segurako Elorri elkartean, 'Goiberri' aldizkariari eskainitako elkarrizketan.Gorka Gomez Erramun Amundarain Otegi (Itsasondo, 1951) atzo gauean hil zen Ordizian, 74 urterekin. Azken agurra bihar egingo diote Ordiziako Plaza Nagusian, 19:00etan. Aurtengo Ordiziako San Ana jaietako txupinazoa botatzeko herritarren bozkaz aukeratuta.
Itsasondon jaioa, Ordizian bizi izan da Amundarain. Goierri Eskolako irakasle eta HBko zinegotzia izana, baina batez ere herrigintzako aktibista nekaezina izan da. Saltsa guztietako perrexila. Laguntasuna Errondailako musikaria eta ehunka herri bazkaritako sukaldaria. Txupinazoa bota aurreko egunetan egindako elkarrizketan esan zuen bezala, “Saltsa guztietan sartuta egon naiz, baina beti saltsa politetan. Beti lana egin dugu giro atseginean”.
Albistea jakitearekin batera, sare sozialetan hainbat esker oneko hitz izan dira Amundarainentzat. Ondorengoak, adibide batzuk besterik ez dira:
Ordiziako Udala: “Erramun Amundarain zendu da. Herriko hamaika eragileren sustatzaile eta laguntzaile nekaezina, ordiziarrek 2025eko Santa Ana jaiei hasiera emateko aukeratu zuten. Eskerrik asko Ordiziaren alde egin duzun lan guztiagatik.
Doluminak familia eta lagunei. Lurrak arin har zaitzaila”.
Emaneurre: “Eskerrik asko Erramun! Lehenengo egunetik gurekin izan zarelako! Eskerrik asko herria egiteagatik. Agur eta ohore!”.
Ordizia Rugby Elkartea: “Ordizia Rugby Elkartetik atzo Ordizian utzi gintuen Erramun Amundarainen figura gogoratu nahi dugu. Saltsa guztietako perrexila, ezin dugu ahaztu klubari emandako babesa. Gure omenaldirik sentikorrena, atseden hartu bakean”.
Amets bide dantza taldea: “Goxotasunez oroituko dugu horrenbeste urtetan afari, bazkari edota hamaiketako ederrak prestatu dizkigun Erramun.
Eskerrak eman nahi dizkizugu bihotzez, urte hauetan guztietan Amets Bideren alboan egoteagatik, Amets Bideren parte izateagatik.
Ez da soilik zure paella bikainagatik, baizik eta zure prestutasun, berotasun eta umoreagatik ere. Zure ondoan egotea beti izan da plazer bat. Gure sabelak bete dituzu, baina baita gure bihotzak ere.
Eskerrik asko momentu guzti hauetan gure bidelagun izateagatik, eta, batez ere, bihotzez egindako lan guzti horrengatik”.
Beti Argi musika banda: “Eskertik asko Erramun, beti gure bihotzetan”.
Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea: “Badira egun batez borrokatzen dutenak, eta onak dira. Badira urtebetez borrokatzen dutenak, eta hobeak dira. Badira urte askoz borrolatzen dutenak, eta oso onak dira. Baina badira bizitza osoan borrokatzen dutenak, eta horiek ezinbestekoak dira!(Bertolt Brecht)”.
Ordiziako EH Bildu: “Gau beltzarekin batera izar bat gehiago piztu da Euskal Herriko zeru gainean. Gure bihotzetan egongo da betiko. Agur eta ohore Erramun”.
D’elikatuz: “Mila esker zure laguntzagatik”.
Segurako Iparra-Hegoa egitasmoan ere buru belarri aritu izan da Amundarain eta Izarra Urdalleta Segurako alkateak ere izan ditu esker oneko hitzak: “Bihotzez eskerrik asko, Ramon! Ederra zu gurekin izatea. zuregandik eta zurekin ikastea. Bejondeizula! Izarrak ez dira hiltzen, izarrek dizdira egiten du. Jarraitu, Ramon, beti egin duzun bezala gure herria argiztatzen, behar du eta. Bihotza triste baina oso eskertuta! Betira arte!”
ELKARRIZKETA. Goiberri aldizkarian 2022an egindako elkarrizketa.













