Bikuña Txikiko aparkalekua konponduko du udalak
Behar bezala seinaleztatuko da, eta 45 plaza egokituko dira. Hiru astez iraungo dute lanek, gaur hasita, eta bitartean itxita egongo da.
Bikuña Txikiko aparkalekua konpontzeko lanak hasiko ditu gaur Legazpiko Udalak. Gune hori Gurtzain garaje zaharreko 918 metro koadroko partzela gainean egokitu zuten behin-behineko aparkaleku gisa 2006a, eta gaur egun, seinaleztapen faltagatik eta ibilgailuen antolaketa irregularragatik, ez da behar bezala aprobetxatzen. Obren ondoren, espazioa behar bezala seinaleztatuta geratuko da, eta 45 plaza izango ditu.
Udalak Lurkide Hondalanak, S.L. enpresa kontratatu du aparkalekua egokitzeko. Lanen aurrekontua 4.029,30 eurokoa da (BEZa barne), eta gauzatzeko epea hiru astekoa da. Epe horretan, aparkalekua aldi baterako itxita egongo da.













