Palestinaren aldeko mobilizazioak, GKSk deituta
Ordizian, Beasainen eta Legazpin egin zituzten joan den ostiral iluntzean.
Bake plan faltsuaren aurrean, Israel suntsitu! lelopean, mobilizazioak egin zituzten joan den ostiral iluntzean Goierrin, Goierriko Kontseilu Sozialistak deituta. Ordizian, Beasainen eta Legazpin egin zituzten elkarretaratzeak, eta Legazpikoa bideoan jaso zuen Gotzon Aranburuk.
“Azken orduetan, Israelgo Armadak bonbardaketa gehiago egin ditu Gazan eta gutxienez 91 pertsona erail ditu. Palestinar erresistentziari su-etena betetzea exijitzen zaion bitartean, Israelgo Armadak Palestina erasotzen jarraitzen du”. Horregatik, “fartsa honen aurrean” eta “bi estatuen irtenbidearen zilegitasun eza agerian uzteko eta palestinar erresistentziaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzeko” mobilizatzeko deia egin zuten eskualdeko gazteen artean. GKSren arabera, “urgentziazkoa da Israelgo estatu genozidaren aurkako mezuak zabaltzea eta konplize diren mendebaldeko agintariak seinalatzen jarraitzea”.













