Gaur hasiko da telefono mugikorraren erabilerari buruzko prestakuntza
Gazteen artean areagotu diren erronka psiko-emozionalei erantzuteko Zentzuzko Erabilera eta Osasuna Saretzen ZEOS egitasmo berritzailearen baitan kokatzen da. Parte hartzeko Udaleko Hezkuntza Zerbitzuarekin harremanetan jarri daiteke, Kultur Etxean.
Azken urteotan gazteen artean areagotu diren erronka psiko-emozionalei erantzuteko Zentzuzko Erabilera eta Osasuna Saretzen ZEOS egitasmo berritzailea jarriko du martxan gaur Legazpiko Udalak. Herriko familiei zuzenduta, Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal adituek gidatutako dituzten prestakuntza saioak eskainiko ditu gaur hasi eta hilaren 12ra arte. Lazkano eta Ormazabal Eusko Jaurlaritzako ZEOS egitasmoaren arduradunetako bi dira, psikologia eta hezkuntza arloan esperientzia zabala dutenak.
Teknologia eta sare sozialen erabilerak nerabeen bizitzan duen eragin emozionala eta kognitiboa jorratzen du egitasmoak, baita autoestimua, identitate eraikuntza eta familia inguruneko harreman osasuntsuak ere. Lau saio izango dira guztira, azaroaren 4an, 6an, 10ean eta 12an. Kultur Etxean egingo dituzte, 18:00etatik 20:00etara. Bertan, eduki hauek landuko dituzte: Mugikorraren eta sare sozialen eragin psikologikoa eta emozionala, gaur; ostegunean, hilak 6, Nerabezaroan agertzen diren osasun mentaleko erronkak (antsietatea, depresioa, autolesioak…); hurrengo asteartean, hilak 10, Sare sozialen arriskuak eta erabiltzeko ohitura osasuntsuak; eta hilaren 12an, osteguna, Nerabeen autoestimua, identitatea eta balioen garapena.
Saio hauetan parte hartzeko izena eman behar zen aurretik, baina izena eman ez duen norbaitek parte hartu nahi badu, Hezkuntza Zerbitzuarekin harremanetan jarri daiteke, Kultur Etxean.













