Legazpiko zarata mapa eguneratzen ari da udala
Diagnostiko bat egingo du lehenik, gero zarata murrizteko eta kontrolatzeko neurri eraginkorrak hartu ahal izateko.
Legazpiko Udala herriko zarata mapa eguneratzen ari da, soinu mailak zehaztasunez ezagutzeko, eta zarata murrizteko eta kontrolatzeko neurri eraginkorrak hartu ahal izateko. Lan horiek egiteko Ekolur enpresa espezializatua kontratatu du, eta dagoeneko hasita dago udalerriko hainbat puntutan datuak jasotzen.
Datozen asteetan zirkulazio neurgailuak egongo dira jarrita, bideetan zirkulatzen duten ibilgailuen kopurua erregistratzeko. Sonometroak ere instalatuta egongo dira, inguruneko zarata mailak neurtzeko.
Jasotako informazioarekin zarata iturriei eta horiek ingurunean duten eraginari buruzko diagnostiko zehatza egingo da. Azterketa horri esker, udalak kutsadura akustikoa minimizatzeko jarduerak eta estrategiak proposatu ahal izango ditu, eta ondorioz, bizilagunen bizi kalitatea hobetu.
Neurgailu horien presentzia aldi baterakoa izango da, eta udalak azaldu duen bezala, “beharrezkoa, udalerri osasuntsuago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea ahalbidetuko duten datu zehatzak izateko”.













