Ukabilka, boxeoa ikasteko eta gehiagorako "espazio bat"
Legazpiko Gaztetxean aurkeztu zuten borroka taldea joan den astean, eta larunbat honetan lehen entrenamendu saio irekiak egingo dituzte.
Legazpiko Ukabilka borroka taldeak jendaurreko aurkezpena egin zuen joan den ostiralean, Gaztetxean. Ekitaldiak publiko dezente bildu zuen, taldearen ibilbideari eta helburuei buruzko jakin minak erakarrita.
Aurkezpenean azaldu zutenez, Ukabilka dagoeneko urte beteko bidea eginda duen “espazio bat” da. “Gazte langileok kalitatezko kirol eskaintza baterako sarbiderako zailtasunak ditugu, ez bada kuota bat ordaintzen”, eta horri “aterabidea emateko” elkartu ziren alde batetik. Horrez gain, “ideologia erreakzionarioen aurrean, faxismoaren gorakadaren aurrean, eta arrazakeria eta matxismoaren areagotzearen aurrean… beharrezkoa ikusten dugu gaitasun tekniko eta politikoak eskuratzea ideia zapaltzaile hauek gure gizartean lekurik ez izateko”. Bi arrazoi nagusi horiengatik aurkeztu dute borroka taldea.
Oraingoz boxeoa da eskainiko dutena, baina “proposamenetarako irekita gaude”.
Larunbatean, entrenamendu saioak
Aurkezpenaren ondoren, entrenamendu saio irekia egingo dute larunbat honetan, hilak 8. Hitzordua 10:30ean da, Gaztetxean bertan, eta Legazpiko zein inguruko herrietako jendeari irekia daude.
“Boxeoan lehen kolpeak eman eta kirol hau probatzeko momentua izango da”. Hori dela eta, gonbidapena luzatzen diete herritarrei. “Garai ilun hauetan elkartu eta antolatzea bakarrik geratzen zaigu!”.













