Xabi Zurutuzak Moto2-ko munduko txapelketako bi lasterketa egingo ditu
Andifer taldean kide duen Joe Roberts ordezkatuko du, horren lesioaren ondorioz. Portugalen du lehen hitzordua asteburu honetan, eta hurrengoan Valentzian.
Xabi Zurutuza moto pilotu legazpiarrak munduko Moto2 txapelketan parte hartuko du datozen asteetan, Andifer taldean kide duen Joe Roberts ordezkatuz. Roberts lesionatu egin da, eta Zurutuzak egingo ditu datozen bi lasterketak, txapelketako azkenak. Lehen hitzordua Portugalen du, Algarveko Portimao zirkuituan, asteburu honetan bertan. Hurrengo asteburuan Valentziako Ricardo Tormo zirkuituan korrituko du.
“Ametsa bete dut”, esan zuen legazpiarrak munduko txapelketan parte hartzeko aukeraren berri jaso zuenean, “egindako lanaren, nire ahaleginaren eta ikasketaren emaitza da!”. Berria ezagutzean, familiari eta egunerokoan ondoan dituenei eskerrak emateko baliatu zuen, baita babesleei eta Andifer American Racing taldeari ere, “aukera hau emateagatik”. Ordezkatuko duen Joe Roberts ere gogoan izan zuen, eta ahalik eta azkarren sendatzeko esan zion.
Albiste hau Europako Moto2 txapelketaren baitan Bartzelonako zirkuituan asteburuan egindako bi lasterketetan laugarren eta seigarren postuak eskuratu eta gero jaso zuen Zurutuzak. Europako erronda amaitzeko Valentziako jardunaldia geratzen zaio, azaroaren 23ko asteburuan.













