1646an Zaldibian epaitutako emakumeei buruzko gertaera 'Hitzetik Hortzera'-n
Mikel Urteaga eta Alaitz Sarasola elkarrizketatu dituzte duela ia 400 urte Zaldibian egin zen epaiketari buruz hitz egiteko. Lehenak artxibo lana egin zuen, bigarrenak bertso-sorta jarri.
Alaitz Sarasola eta Mikel Urteaga Mirari Martiarena aurkezlearekin, Zaldibiako Bikario-Etxe etxearen aurreko plazatxoan.Hitzetik Hortzera Barbara Agirre, Katalina Iztueta, Margarita Eleizegi, Maria Bautista Agirre, Maria Albisu, Maria Arruitz, Maria Bartzelona, Maria Gartzea Jauregi, Maria Joanitz Iraola eta Maria Ana Mendiola. Hamar emakume, ama bakarrak, eta gehienak, ardatzean lihoa iruten lan egiten zutenak. Horiexek dira 1646an Zaldibian epaitu zituzten emakumeak. Juan Martinez Nazabal Zaldibiako garai hartako alkateak akusatu zituen, jendartearen arabera desegoki, bekatuan eta eskandaluzko egoeran bizitzeaz akusatu.
Denboran ezkutuan egon badira ere, Mikel Urteaga Azkue gai-jartzaile eta historia zaleak 2022ko martxoaren 8an eman zuen argitara Zaldibian, 1646ko ekainaren 4an artikulua, eta 2024ko otsailean hamabost bertso jarri zituen Alaitz Sarasola Olanok gertaera horiek oinarritzat hartuta. Biak elkarrizketatu ditu Mirari Martiarenak aste honetako Hitzetik Hortzera saioan emango dute horren berri (larunbatean, 21:00etan).
Mikel Urteagak Ordiziako udal artxiboan topatu zuen gertaera hura kontatzen zuen dokumentua, 2022an. Hura artxiboan ezin zela geratu pentsatuta, autoa euskaratu zuen, eta ondoren artikulu forman argitaratu. 2024an, berriz, Soraluzen egin zen Señora Bertso Egunerako bertso sorta bat eskatu zioten Alaitz Sarasolari, eta aukera baliatu zuen Zaldibiako epaiketa bertsotara eramateko.
Hitzetik Hortzera-ko denboraldi honetan bertso sorta horiek grabatu egin dituzte, eta tartean da Alaitz Sarasolak idatzitako 1646 sorta. Programa bukaeran sorta entzuteko aukera izango da, Manex Pagolak musikatuta eta Ainhoa Sarasuak eta Eñaut Agirrek kantatuta.
BERTSO SORTA
Izenburua: 1646
Doinua: Txirrita hil dala / Manuel Narruk atzo esan dit
Egilea: Alaitz Sarasola Olano
Iturria: Bertsoa.eus
1-Mila seirehun da berrogeita sei
urteko garagarrila:
Zaldibin data seinalatua,
nahiz seinalatuak mila:
Martin Nazabal alkate jauna,
inor epaitzen abila,
pekatu usaian hasi izango zen
ama ezkongabe bila.
2-Hiru lekuko deitu zituen,
gizonezkoak hirurak,
sala zezaten zein emakumek
zun halako delitu bat,
ba al zen neskarik ezkondu gabe
hautsi zituena urak;
errukigabe bota zituzten
hamarren izen-deiturak.
3-Hamarrak preso hartu zituzten,
bai hartu ere gaiztotzat;
zergatik jakin gabe nozituz
espetxearen morrontzak,
juramentura derrigortuta
arauak ziren zorrotzak,
ta banan-banan egin zituzten
eskatutako aitortzak:
4-“Barbara Agirre da nere izena
ta espetxean zergati?
bi alabatxo ari naiz hazten
ez okel ta ez tapaki,
hirugarrena zendu zitzaidan
ahul jaioa izaki,
gure apaiza Martin Olanok
haien berri ondo daki”.
5- “Maria Albisu naiz ardatzean
egiten duena lanik,
lehendabiziko alaba eta
gero semea izanik,
Zinkunegitar Pedro zendu zan,
ezkongai segitzen det nik,
eta ez daukat beste inorekin
haragizko harremanik”.
6- “Hernandosoro jaunan neskame,
ni naiz Maria Bautista,
gogoz kontrako harremanetan
sufritu nuen ez pixka;
handik ihesi haurra erditu
nuen osasun gutxiz ta,
besoetan hil zitzaidanetik
bizi naiz baina erdizka”.
7-“Etxekoandre ta nekazari naiz,
ni, Maria Bartzelona,
nerekin Martin Etxeberria
ezkontzekotan zegona,
hori aginduta bera da haurdun
utzi ninduen gizona,
oraindik badet esposatuko
nauen esperantza ona”.
8- “Maria Arroiz naiz ardatzean
aritua jai ta aste,
Itsasondoko Juan Iturriotzek
behartu ninduen gazte,
hitza emanda noski nerekin
ezkonduko zela laxte,
baina Mariana Urkia zuen
handik gutxira emazte”.
9- “Margarita det izena eta
Elizegi abizena,
bizirik daukat alabatxo bat
Pedro Aiestaranena,
bigarrengo hau jaiotzerako
zendu zitzaidan lehena,
ta ezkonduko ginela baina
ondo promesa herrena”.
10- “Nerekin dauden umeen aita da
Argintzanotar Esteban,
Maria Juaniz naiz, bizi dana
halamuzko egoeran:
beste alaba bat det Martinekin
izandako ibileran,
kendu egin zidan eta ez dakit
berriz ikusiko dedan”.
11- “Iztuetatar Katalina naiz,
ezin det bizi kantari:
bi ume izan ta biak zendu
hara bizitzak zer sari,
birjintasuna lapurtu eta
kontu faltsuak ugari,
noiz ezkonduko garen galdetu
Martin Etxeberriari”.
12- “Ni naiz Maria Gartzia, oso
gazte zaildutako neska,
nahiz Juan Murua ezkondua zan,
kontu hau gezurra ez ta:
topo eginda haretxek haurdun
utzi ninduen nahiezta,
zortzi egunekin hil zan alaba
bere sehaskan hauspezka”.
13- “Ni ardatzeko langilea naiz,
Mariana Mendiola,
bi seme eta alaba hazten
ari naiz, ez dakit nola;
Martin Loinazek maiz engainatu
nau gezurra dariola,
ni sartu naute kartzelan baina
hark merezi du kaiola”.
14- Beraz, Zaldibin jaso zirenak,
horra hamar testigantza,
garai hartako emakumeen
bizimodu gordin, latza;
bost egunera aske uzteko
ordaindu zuten fidantza,
herriak haiek seinalatuaz
luzatzen zuen behatza.
15-Hemen aipatu diren gizonak
etxe, kale zein elizan,
andrak zapaldu eta umeak
zaindu gabeak bizitzan,
bortxatzaileak, iruzurtiak,
gizartearen gerizan,
haiek ez ziren gure herrian
inoiz epaituak izan.













