Botika Etxea ataundarren elkargune izatetik hurbilago
Gizarte eta kultur zentro izateko azken fasean sartu da. Herriko premiei erantzutea, elkargune izatea eta plazari bizia ematea dira helburuak. Taberna, erabilera anitzeko gela, liburutegia eta ikasgela egokituko dira, oraingoz.
Martxan dira dagoeneko San Martin auzoko plazaren erdian dagoen Botika Etxea edo Aierdi-Enea eraikina eraberritzeko lanak, eta aurrera jarraitzen du hura herritarren eskura jartzeko proiektuak; behin prozesu ezberdinak igarota, gizarte eta kultur zentro izateko azken fasean sartuko da udazken honetan. Ataungo Udalaren helburua da, besteak beste, eraikin berri horrekin herriko premiei erantzutea, eta eginkizun horretan elkarte eta eragile ezberdinetako belaunaldiak kulturgintzan, gizartegintzan eta euskararen arloan inplikatzea.
Parte hartze zabala
Negoziazio fase luze eta korapilatsu baten ondoren, 2022ko abenduaren amaieran eskuratu zuen Ataungo Udalak La Caixa jabearena zen eraikinaren jabetza, eta bertako erabilera zehazteko asmotan, parte-hartze prozesu bat jarri zen martxan 2023an, Aztikerrek koordinatuta. «Parte hartze zabala» izan zuela esan du Aramendik, guztira, 88 herritarrek, tartean hainbat eragilek, parte hartuta.
Prozesu horretan jasotako ekarpenen arabera, ondorioztatu zen Botika Etxeak belaunaldien arteko topaleku izan behar zuela, eta beraz, zenbait baldintza bete behar zituela: hain zuzen, adinekoentzako zerbitzuak hobetu behar dituela, liburutegi eta ikasgela berriak eduki behar dituela, eta ostatu edo taberna zerbitzua ere eskaintzea komenigarria dela. Era berean, proiektuak plazari bizia ematea eta herriko zentroa berpiztea nahi zutela nabarmendu du Aramendik.
Bigarren solairuaren erabilera zehazteke du udalak; aukera ugari daudela eta ondo pentsatu beharko dela dio
Espazioen banaketa
Hori guztia kontuan hartuta gauzatu dute obra-proiektua, eta honela banatu dituzte espazioak, besteak beste: sotoan taberna-ostatu zerbitzua eskainiko da; beheko solairuan (0. solairua) erabilera askotako espazioa egokituko da, adinekoentzako arreta zerbitzua eta bileretarako zein hitzaldietarako gela bat egokituta; lehen solairuan, berriz, liburutegia eta ikasteko zein lanerako gelak ahalbidetuko dira; azkenik, bigarren solairuan egokituko den proiektua erabakitzeke dagoela ziurtatu du Aramendik: «Bigarren solairuaren erabilera zehaztea falta zaigu: aukera ugari eskaintzen ditu eta ondo pentsatu beharko da».
Ondo bidean, 2026ko abenduaren amaierarako lanak bukatuta egotea espero da, nahiz eta gerora eraikina ekipatzeak gastu gehigarria ekarriko duen. Guztira, 1.538.618,02 euroko aurrekontua izango du proiektuak, ekipamenduak barne hartu gabe; udalak 1,2 milioi euroko mailegua kontratatu du lizitazio bidez, Fiare Banca Etica banku librearekin, eta gainerakoa gerakinetatik ordainduko dela ziurtatu du. Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren dirulaguntzetara ere aurkeztu dira, finantzaketa osatzeko asmoz.













