Erresistentziaren 50 urteak
Hassan II.a Marokoko erregeak Martxa Berdea antolatu zuen gaur 50 urte, Mendebaldeko Sahara inbaditzeko.
Hach Embarek El Aaiungo (Mendebaldeko Sahara) errefuxiatuen kanpalekuetan amonarekin eta alabarekin.Hitza Orain 50 urte gaurko egunez, Marokok Mendebaldeko Sahara inbaditu zuen Martxa Berdearekin. Hassan II.ena erregeak asmatutako kontzeptua da, sahararrek beste modu batera esaten baitiote: Martxa Beltza. Hain zuzen, urtemuga «beltz» honen testuinguruan, albiste izan da berriz azken egunetan, Marokoren eta Mendebaldeko Sahararen arteko auzia. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Segurtasun Kontseiluak Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa (Minurso) beste urtebetez berritzea erabaki zuen pasa den astean. Testu horretan nabarmendu zuen, besteren artean, «irtenbiderako negoziazioetan Marokoren autonomia proposamena» hartu behar dela oinarri gisa. Marokok «garaipen historikotzat» hartu du albistea eta munduari bira eman diote ospatzeko kaleak hartu zituzten marokoarren irudiek.
Gauzak ordea, ez daude hain garbi. Garazi Hach Embarek ormaiztegiar-sahararrak argi dauka testuaren gaineko irakurketa interesatu bat egin dela, «berri honen gainean egin den irakurketa orokorra interesatua da», dio. Martxa Berdearen 50. urteurrenarekin bat egitea ere ez da kasualitatea: «Nahita mina egiteko erabaki bat da».
Egiaz, NBEren erresoluzio honek ez dio Marokori Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasunik errekonozitzen. Hala azpimarratu dute gainera, aldeko botoa eman dioten herrialde gehienek ere, tartean, Erresuma Batuak, Danimarkak edo Esloveniak. Testuak ez du nazioarteko marko juridikoa aldatzen ezta, Mendebaldeko Sahararen orain arteko statu quoa ere; baina, Marokori bere autonomia planaren gainean legitimitate diplomatikoa metatzeko bide eman dio.
Hitz egiteko prest
Hach Embakeren iritziz «propaganda» egiten ari dira gaiarekin. «Egia da autonomiaren aukera nabarmentzen dela testuan, baina ez da ezer berria, aurretik ere bazegoen proposamenen artean», dio. Hain zuzen, Mendebaldeko Sahararen autodeterminaziorako eskubidea ere babesten du NBEak 1514 erresoluzioan «eta 1960tik dago indarrean». Bi aukera hauek «beti» egon dira mahai gainean, gatazkaren irtenbide posibleen artean: «Ez da ahaztu behar gainera, dena delako proposamena dela, bi aldeek —Marokok eta Fronte Polisarioak— onartu behar dutela. Saharar herriak ez du Marokoren menpeko autonomia bat nahi, eta espero dut inoiz nahi ez izatea; ondorioz, Fronte Polisarioak ez du inoiz onartuko».
Hain zuzen, Fronte Polisarioak iragarria zuen ez zuela parte hartuko autodeterminaziorako eskubidea barne hartzen ez duen edozein negoziaziotan. Marokorekin negoziatzeko prest agertu da, erreferendum bat egitea lehenetsiz. Erreferendumean aukeretako bat autonomiarena izatea onartuko luke, betiere sahararren autodeterminaziorako eskubidea errespetatuta eta inposiziorik gabe.
«Orain 50 urte Espainiak saharar herria eman zion Marokori. Gaur egun ere, Espainia Marokoren morroi bat baino ez da»
Garazi Hach-Embarek. Ormaiztegiar-sahararra
Donald Trump AEBetako presidentearen itzal luzea ere ikusten du ormaiztegiarrak diskurtso honen atzean. «Orain dela aste batzuk iragarri zuen Afrikako iparraldean bakea lortuko zuela, Bakearen Nobel Saria eskuratzeko bere afan horretan», azpimarratu du. Ez da lehen aldia Trumpek Saharako auzian eskua sartzen duena. Bere lehen agintaldiaren amaieran, 2020an, Etxe Zuriak Mendebaldeko Sahararen gaineko subiranotasuna onartu zion Marokori. Espainiak duen ardura ere ez du ahazteko, «orain 50 urte Espainiak saharar herria eman zion Marokori. Gaur egun ere, Espainia Marokoren morroi bat baino ez da».
Mende erdian ezer gutxi aldatu da, «orain 50 urte bezala gaude», dio. «Gu herri txiki bat gara, baina oso aberatsa. Nire osaba batek esaten du herri txiki bat eta aberatsa baina gauza pobreagorik ez dagoela. Munduko ordenak aldatzen ari dira, edo aldatu nahi dituzte. Horren aurren, herri txikiek eusten jarraitu beharra daukagu», amaitu du.













