Gautxoriak hurbiletik ezagutzeko aukera, larunbatean Anduetzan
Larunbatean, 18:30ean hasiko da saio. Nerea Pagaldai biologoak gidatuko du. Aurrez izena ematea beharrezkoa da parte hartu ahal izateko.
Anduetza parketxeak antolatuta, Gaueko hegazti harraparien bila irteerak gautxoriak hurbilagotik ezagutzeko aukera eskainiko du berriz, larunbat honetan. Urubiak, hontzak, mozolo zein zatak uste baino ohikoagoak dira gure lurraldean. Gaueko hegazti harrapari hauek egunez ikusezinak dira ia, inguruko zuhaitzen adarretan, zuhaitz-zuloetan edo habia-kaxetan ezkutuan atseden hartzen baitute. Gauez, ordea, iluntasunera egokituriko begi handiek, ederki garatutako entzumen finak eta isilean hegan egitea ahalbidetzen dieten hegaldi-luma bereziek harrapari bikainak bihurtzen dituzte.
Nerea Pagaldai biologoak gidatuko du txangoa, 18:30ean, Anduetzatik irtenda. Pagaldai urubien inguruko doktoretza bukatzen ari da. Zehazkiago, hiriguneko eta landa inguruneko urubien arteko ezberdintasunak aztertzen ari da eta horretarako, urubien zentsuak egiteaz gain, haiek markatu eta radiotracking bidez jarraitu ditu.
Harrapari gautarren ezaugarri orokorren inguruko azalpen dinamiko bat entzuteko aukera izango da lehenik: orientatzeko erabiltzen duten sistema, ernaltze zikloa, espezie ezberdinak, etab. Eta, jarraian, behaketa-ibilaldia egingo da, hegazti hauen kantu eta banakoen xerkan.
Zailtasunik gabeko ibilaldia da eta linterna eramatea gomendatu dute. Helduentzako prezioa 6 eurokoa da eta 12 urtetik beherakoentzat 4 eurokoa. Izena aurrez ematea derrigorrezkoa da, plaza mugatuak baitira. Izena emateko 943 80 21 87 eta 688 623 609ra deitu edo anduetza@gipuzkoanatura.eus mezu bat idatzi.













