Han behetik Txindoki ikusten da
Iker Uranga eskalatzaileak bere ondoez fisikoak eta erorialdiak gainditzeko egindako bidea kontatzen du ‘Izarren zaunka’ filmak, Mikel Saez de Urabainek sortutako bidean bi lagunek konpartitutako eskalada egun bat oinarrian dela. Mendi Filmen emango dute.
Mikel Saez de Urabain eta Iker Uranga Txindokiko frontoira bidean. Iñigo Santiago Saracho Erori eta altxatu. Zartako on bat hartu, kalteen inbentario azkar bat egin, osorik zaudela haztatu, eta segi. Zer besterik da eskalada? Bide bat, zailtasunez eta arrakalaz josia, helduleku eta erlaitz txikiagoz edo handiagoz zizelkatua, naturako indarren eta norberaren gaitasunen arteko tenka, behin eta berriro erortzea —sokaren beste aldean normalean beti izaten da norbait eusten—, altxatzea, eta gora jarraitzea. Zer da eskalada, zer da bizitza, ez bada etengabe erori eta altxatzea.
Erori eta altxa, izen horixe du Ezkaurre mendiko (Zuriza, Pirinioak, Nafarroa) eskalada bide batek. Iker Urangak (Donostia, 1976) duela bi urte jakin zuen Luzio Egigurenek 2012an zabaldutako bide horren berri. Eroria, joa, zegoen Uranga garai hartan, altxatzeko premian. «Urte pare bat oso txarrak neramatzan fisikoki: egunero mina saihetsetan, hesteen alde horretan, bizpahiru urte medikuz mediku, gaixotasunaren beldur, bazela, ez zela… Xixku eginda nengoela iritsi zitzaidan Erori eta altxa bideari buruzko informazioa. Neure buruari esan nion: ‘Iker, atera hadi zulotik, joan hadi naturara’. Eta halaxe egin nuen». Eta eskalatu zuen bidea, Ander Uria sokalagun zuela.
Eta eskalada hari buruz kontakizun benazko bat ere libratu zuen hesteetatik, eta Desnivel aldizkarian argitara eman. Mina eremu minatua izan daiteke sormenerako, baina loratzen da ale politik. Altxatzen lagundu zion eskalada hark Urangari. Handik hilabete batzuetara, ordea, beste erorialdi bat izan zuen. Tratamendurako hartzen zuen pilula batek ia lehertu egin zion gibela, eta beste bi hilabetez eduki zuen ospitaleko gelara atxikita, arestiko beldur, kezka eta itzalei katigatuta. Ordea, Ezkaurreko lerro hark erakutsia zion bidea; pilula hark gaitz egiterako bazekien bestelako kimika bat behar zuela: karbonato kaltzioaren formula, kareharria, eskalada. Hala, ospitaleko gelan bertan idazten hasi zen, paperean goitika, behetik gorako bide bat irudikatzen. «Eta hor hasi zen mamitzen filmaren proiektua. Ez nuen lorik egiten, beldurrez. Beldurra nien emaitzei, uste bainuen minbizia neukala, beldurra nion goizetan berriro minarekin esnatzeari… Eta hortik ateratzeko istoriotxo bat, ibilbide bat, idatzi nuen».
Zirriborratutako istorio hartan, beheko zoko ospel hartatik Txindoki begiztatu zuen Urangak. Julen Gabiriaren Han goitik itsasoa ikusten da nobelako protagonistek Galibier mendatearen goialdetik itsasoa begiztatzeko duten esperantza berarekin. Bigarren Mundu Gerrako garai latz haietan itsasoak horixe irudikatzen baitzuen Gabiriaren liburuan: esperantza, irauteko euskarri bat. Eta Txindokik ere hala moduzko zerbait, Urangaren proiektuan. Hala, bere artean esan zuen: «Deitu behar zioat Mikel Saez de Urabaini, eskatu behar zioat eramateko bere Larrunarri maitera, bideren bat eskalatzera».
Erreportajea osoa Berria.eus webgunean.













