Mendi eta abentura astea, hasteko prest
Lau ikus-entzunezkok, mendi irteerak eta erakusketak osatuko dute egitaraua. Mendia, eskalada, espeleologia eta eskia dira ardatz, bideo emanaldietan.
Ainhoa Unanue, Bennett Pearce lagun alaskarrarekin.Hitza Ormaiztegiko mendi eta abentura astearen 32. edizioa ospatuko dute azaroaren 11tik 16ra bitartean. Lau ikus-entzunezkoren emanaldiek osatuko dute aste barruko egitarauaren mardula eta asteburuan, mendi irteerarekin eta gaztaina janarekin borobilduko dute aurtengo egitaraua. Aurten, argazki erakusketa bat ere antolatu dute mendi eta abentura astearen osagarri.
Unai Barrenetxea mendi eta abentura astearen antolatzaileak esan duenez, «askotariko» gaiak jorratzea izaten dute ikus-entzunezkoen emanaldietan helburu. Hala, aurten media, espeleologia, eskia eta eskalada ardatz dituzten lanak eskainiko dituzte. Gertuko mendizale eta abenturazaleei lekua egiten diete beti mendi eta abentura astean, eta aurten ere, ikusgai izango diren lan guztiak Euskal Herriko mendizaleen eskutik iritsiko dira Ormaiztegira, tartean, Ainhoa Unanue zumarragarrarena bat.
Gustu guztietarako
Asteartean hasi eta ostiralera bitarte, egunero egingo dituzte bideo emankizunak 19:00etan, gizarte etxean. Oñatiko Aloña Mendi espeleologia taldearen Zuloan zu?-k irekiko du egitaraua. Bartzelonako 7ª Nit de la Imatge Subterrania 2024 jaialdian lehendabiziko saria lortu zuen eta Arantzazuko santutegitik gertu dagoen kobazulo baten esplorazioa kontatzen du. Mikel Lizarralderen Zazpi. Kontakizun bat tontorrez tontor izango da bigarrena. Euskarazko film onenaren saria jaso zuen Mendi Film festibalen iaz, eta esklerosi anizkoitzarekin mendizaletasuna nola bizi duen kontatzen du bertan.
Iaz irabazi zuen Xabier Ormazabal bekari esker errealitate bihurtu du Ainhoa Unanue zumarragarrak Alaska bizikletaz eta eskiz arakatzeko proiektua. Mendien bidea Alaskan: pedalez elurretaraino aurkeztuko du ostegunean Ormaiztegin, Valdezetik Anchorageraino eskiz eta bizikletaz egindako bidearen emaitza. Ibon Ameriketan izango da zikloa itxiko duen lana ostiralean. Ibon Mendia nafarra eta Tasio Martin bizkaitarra dira bost hilabetez Amerikar Estatu Batuetako hegoaldean eskalada jarduera gogorra eginez bizitako abenturaren protagonistak. Yosemiten inguruan ibili ziren bertako bide klasikoak eskalatzen.
Españolara irteera
Española mendira ohiko mendi irteerarekin eta guraso elkarteak igande arratsalderako antolatu duen gaztaina janarekin emango diote amaiera aurten ere mendi eta abentura asteari. Igande goizean, 9:00etan irtengo dira mendizaleak udaletxe paretik. Arandia, Urbizu eta Zelandietatik barrena Españolako gainera iritsita, Liernitik pasata egingo dute beheranzko bidea, berriz, Ormaiztegiko plazan amaitzeko. Pare bat orduko ibilaldia izango da eta herritar guztiak daude parte hartzera gonbidatuta. Azaroaren 13ra arte dago izen ematea irekita, kultura@ormaiztegi.eus helbidean.
Gaztaina jana ere mendi eta abentura astearen beste klasikoetako bat izan ohi da. San Andres herri eskolako guraso elkarteak antolatuko du aurten ere eta 18:30ean eliza atarian egin dute hitzordua.
Mendi taldearen erakusketa
Urtetan egin gabe egon eta gero, orain bi urte inguru heldu zion berriz Ormaiztegiko mendi taldeak hilabetean behin mendi irteerak antolatzeko erronkari. Orain, mendi eta abentura astearen aitzakian, 24 hilabete, 14 mendi tontor elkarrekin izenburupean argazki erakusketa antolatu dute Iban Toledoren argazkiekin, mendi irteeretan bizitakoa irudiekin erakusteko. Azaroaren 11tik abenduaren 7ra egongo da ikusgai gizarte etxean.













