Aizkorri kalea konpontzeko lehen urratsak ematen hasi da Legazpiko Udala
Lehen faseko obrak lizitaziora atera ditu, 1.084.640,15 euroko aurrekontuarekin. Lanak 2026ko hasieran abiatzea aurreikusten du, 14 hilabete iraupenarekin.
Legazpiko Udalak lizitaziora atera ditu Aizkorri kalea berrurbanizatzeko proiektuaren lehen faseko lanak, aste honetan bildutako Gobernu Batzordean hala erabaki eta gero. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.084.640,15 eurokoa da (BEZa barne), eta lanak egiteko epea 13 hilabetekoa da. Obrak 2026. urtearen hasieran hastea aurreikusten du.
Aizkorri kaleko hegoaldeari dagokio proiektua, Txorroneatik Bikuña Txikiko biribilgunera doan zatiari. Udal ordezkariek adierazi dutenez, “hiri ingurunea hobetzeko eta modernizatzeko udal planaren barruan dagoen proiektua” da.
Lanen xehetasunak
Proiektuaren lehen fase honetan egingo diren lanek irisgarritasuna hobetzea, hiri-azpiegiturak berritzea eta oinezkoentzako gune atseginagoa eta seguruagoa sortzea izango duten helburu.
Batetik, zoladurak eta espaloiak berrituko dira. Hornidura, saneamendua eta argiteria sareak ere ordezkatuko dira, eta euri urak modu jasangarrian jasotzeko sistemak jartzeaz gain, lurzoru azpian ere obra garrantzitsuak egingo dira, bereziki, euri-uren eta ur zikinen saneamendu sarean eta ur horniduran. Azkenik, bide espazioa berrantolatzea ere aurreikusten da, oinezkoen, ibilgailuen eta bizikleten arteko bizikidetza errazteko. Zentzu honetan, bidegorriari jarraipena emango diote, errepidetik banatutako trazadurarekin.
Gipuzkoako Urak proiektua finantzatzen lagunduko du, jarduketek bere eskumeneko hiri zerbitzuei ere eragiten dietelako.













