Munduko arrozen festa
Ordiziako IX. Kulturen Arteko Topaketaren barruan, gaur 'Isiltasunetik' dokumentala proiektatutako dute eta bihar munduko arrozen eguna ospatuko dute.
IX. Kulturen Arteko Topaketa amaierara iristen ari da. Gaur, 18:30ean, Herri Antzokian, Jose Enrike Zeberio eta Itziar Agirrebarrenaren Isiltasunetik dokumentala ikusteko aukera izango da. Jaiotzetik gorrak diren bi lagunek furgonetaz Marokon egindako bidaia kontatzen du dokumentalak. Gidari eta zeinu interpreteek lagunduta egindako bidaia da. Amaieran, solasaldia izango da egileekin.
Bihar, azkenik, kulturen arteko topaketako egun handia izango da. Goizean, Nikaragua, Venezuela, Sahara, Algeria, Valentzia, Euskal Herria eta Pakistango arrozak prestatuko dituzte, eta ondoren, herri bazkarian elkartuko dira Beti Alai pilotalekuan. Dagoeneko 300 lagunek erosiak dituzte txartelak. Oraindik ere badago aukera erosteko, Larratxa liburudendan (erdigunea), Magazine Romanesc-en (Buztuntza auzoan) eta Nerea tabernan (Otegienea auzoan). Txartel orokorra 4 eurokoa izango da, eta 2014-2023 (biak barne) jaiotako haurrena euro bakarrekoa.
Bazkalondorenerako ere ekintza gehiago antolatu dituzte. 15:00etan, haur jolasak egingo dituzte kalean, eta 15:30ean, bingoa frontoian. 16:30ean, Angel disko jartzaileak jarriko du musika frontoian. 18:00etan, dantzarako tartea hartuko dute, dantza afrikarren tailerra egingo baitute Gaztelekuan, Olatz Amalurrekin. Azkenik, 19:00etan, Gazako musikariz osatutako Sol Band Palestina taldeak hitzaldia eta musika uztartuko ditu frontoian.













