Olentzero eta Mari Domingi bihar iritsiko dira Mirandaolara
Gabon bezperara arte luzatuko du Lenburrek bisiten kanpaina. Aurten astoari txoko bat, ipuin bat eta joko bat eskaini dizkiote. Mari Domingiren panpina handia egin dute Jaiotza taldekoek.
Mari Domingiren panpina egin duten herritarrak: Koldo Maiz, Mila Pardina eta Paco Burguera. Lenbur Fundazioa Lenbur Fundazioak bihar abiatuko du Olentzeroren eta Mari Domingiren bisiten kanpaina. Bihartik Gabon bezperara arte, Euskal Herri osoko milaka bisitari igaroko dira Legazpiko txoko honetatik, bi pertsonai horiek bertatik bertara agurtzeko.
Astebururo egingo dituzte familia jarduera horiek Legazpin, baita astegunetan ere ikastetxeei zuzenduta, eta oraindik txanda libreak daude. Izena emateko 943 73 04 28 zenbakira deitu daiteke, edo mirandaola@lenbur.com helbidera mezu bat bidali.
Berritasunak
Mirandaola inguruan dena prest dago bisita horiei begira, eta bertako taberna eta jatetxea ere irekita dago. Euskal Burdinaren Museoan ohiko txokoa egokitu dute Olentzero eta Mari Domingiren inguruko ipuin kontaketarako, parkea txukundu dute haurrak bi pertsonai horien bila ateratzeko, eta burdinolan prestatu dituzte eserlekuak, bertan eserita bisitari guztiak banan bana agurtzeko. Gaztainak erretzeko surako ikatza ere inguratu dute.
Urteroko bisiten osagaiak dira horiek guztiak, baina aurten berriak ere izango dira, Olentzero eta Mari Domingi berritasunez beteta iritsiko direlako Mirandaolara.
Astoak zapata galdu du
Napoleon astoa izango da horietako bat. Txabola bat eraiki diote museoan, harriz eta Lakiola baserriko belar fardoz inguratuta, eta ipuina ere eskaini diote, Astoak zapata galdu du izenekoa. Ipuina haurrak jolas batean murgiltzeko aitzakia bihurtu dute, zapata hori, ferra, aurkitu beharko dutelako.
Gainera, museoan bertan dagoen Olentzeroren panpina handiari konpainia egiteko Mari Domingirena ere izango da aurten, Legazpiko Jaiotza taldeko boluntarioek egindakoa. Koldo Maiz, Mila Pardina eta Paco Burguera izan dira egileak.













