Palestinarekin elkartasun eguna antolatzeko bilera Ordizian
Goierriko Kontseilu Sozialistak Palestinarekin elkartasun eguna antolatu du hilaren 29an Ordizian.
Ordizian urriaren 2an egindako elkarretaratzea. Goierriko Kontseilu Sozialistak Palestinarekin elkartasun eguna antolatu du hilaren 29an Ordizian, Ordizia Kolorerekin lankidetzan. “Palestinako genozidioak jarraitzen duen honetan, Goierriko Kontseilu Sozialistarentzat ezinbestekoa da palestinar erresistentziari gure babesa ematen eta genozidioaren aurkako ekimenak antolatzen jarraitzea”.
Gainera, “badira bi urte Palestinaren aurkako erasoa intentsifikatu zela eta geure begien aurrean genozidio bat gertatzen ari dela ikusten ari gara egunero-egunero. “Bake akordio” deitu diotena martxan denetik ere, jada 500 pertsona inguru hil dituzte Gazan; eta Zisjordaniaren kolonizazioan sakontzeko aurrera pausuak ematen jarraitu dute, besteak beste”.
Era horretan, “geure eskualdetik ere palestinar erresistentziari babesa ematea ezinbestekoa dela uste dugu eta horretarako egun bat antolatu dugu. Goierrin, Palestinako genozidioaren aurkako kontzientzia zabaltzen jarraitzeko”.
Egun osoko egitaraua
Egun osoko egitaraua antolatu dute azaroaren 29an Ordizian. Goizean, herri kirolak, kulturarteko luntxa eta mural margotzea haur eta familientzat; jarraian, palestinar erresistentziaren aldeko elkarretaratzea; ondoren, bazkaria; arratsaldean, Israelgo estatuaren izaera eta palestinar erresistentzia mahai ingurua; eta, bukatzeko, Esanezin taldearen kontzertu akustikoa.
Egun horretan antolaketarako eta “egitarau honi ekarpena” egiteko hainbat modu daudela aurreratu dute antolatzaileek: deialdia zabaltzen laguntzea, propaganda egiten laguntzea, egunean bertan txandaren batekin laguntzea eta proposamenak ere ongietorriak izango dira.
Bilera irekia
Era horretan, eguna antolatzeko helburuarekin bilera irekia deitu dugu, azaroaren 14an, 18:30ean Barrenan. “Egunean parte hartu nahi duen oro, edozein izanda modua, gonbidatzen dugu bertaratzera”.













