Arroz artean, arrotzik ez
Zazpi herrialdetako komunitate-ordezkarik prestatu dituzte Ordizian Kulturen Arteko IX. Topaketako festa-eguneko bazkariko errezetak. Parte-hartzeaz gain, etorkinek herrian ahotsa eta protagonismoa har dezaten lortu nahi du ekimenak.
Ordiziako Kulturen arteko festako partaide batzuk, gaur eguerdian. Aimar Maiz Ordizian bizi diren jatorri askotako herritarrek elkartzeko eta festarako eguna dute, gaur. Kulturen Arteko IX. Topaketa ari dira burutzen, kanpotik etorri direnei bertako gizartean txertatzeko eta barneratzeko bideak jarri eta erraztu nahi dizkien ekimen sortako festa nagusia. Beti-Alai pilotalekuan, 400 bat lagunek bazkalduko dute gaur. Platera nagusia, arroza, hamaika eratara eta tradiziotara prestatua.
Zazpi herrialdetako jatorridun ordiziarren komunitateak izan dira sukaldean parte hartzaile: Mendebaldeko Sahara, Aljeria, Pakistan, Valentzia, Nikaragua, Venezuela eta Euskal Herria. Bakoitza bere modura prestatu du arroza, bazkaltiar guztiei eskaintzeko gero.
“Herriko jatorri aniztasuna ezagutzeko eta ikusarazteko festa da gaurkoa. Elkartzeko aitzakia da, gainerakoan elkarrekin topo egiteko edo egoteko herrian ez baitaukagu espazio bat. Baina helburu ludikoa ere badu, eta ondo pasatzeko eguna da”, Aniztasuneko kudeatzaile azaldu du Ainara Ormaetxeak. Ordizian integrazioaren II. plana garatzen ari dira gaur egun. “Parte-hartzean jarri nahi dugu indarra, baina baita kanpotik etorritakoek herrian ahotsa eta protagonismo gehiago izatean ere”.
Festak eta bazkariak izan duten harrera jendetsua bai, baina antolaketan eta boluntario taldean aritu den taldearen balioa ere nabarmendu du Ormaetxeak. 50 lagun aritu dira guztia antolatzen eta prestatzen, anitza bere osaeran eta izaeran, baita ere; “horiek gabe, ezingo zatekeen gaurko festa aurrera eraman”. Arratsaldean, Palestinatik zuzenean iritsi berri den musika talde batek joko du Beti-Alain.













