Beñat Senar, txapeldun
Pilotari ataundarrak B Serieko 4 t'erdiko txapelketa irabazi du, Unai Amianoren aurka 22 eta 15, Irungo Urantzu pilotalekuan.
Beñat Senar txapeldun, Unai Amianorekin, gaur Irunen. /Baiko Pilota Ofizioaren balioa erakutsi du Beñat Senar Apalategi pilotari ataundarrak gaur, profesionaletako lehenengo txapela irabazita. Irungo (Gipuzkoa) Urantzu pilotalekuan, Unai Amiano irundarrari 22-15 irabazi dio B Serieko 4 t’erdiko txapelketako finala. Ofizioa eta lana behar izan ditu, oso kontrara ipini baitio partida debutatu berriak, neurketaren hasieran.
Bientzako zen lehenengo finala. Orain dela hilabete bat debutatu zuen Amianok profesionaletan, eta laineza geraezin horrekin atera da kantxara, mundua jateko prest. Eta ia jan du. 0-8 aurreratu da. Oso solte jokatu du, erritmo bizia ezarri du, eta alerik galdu gabea zen Senarri gailentzen asmatu du. Senarrentzat ere, profesionaletan daramatzan bi urteetan, lehenengo finala zen, eta kostatu zaio askatzen. Txapelketa guztiko estuasun handienak pasarazi dizkio irundarrak. Ez bere ezinagatik, txukun aritu baita, aurkariaren ahalagatik baizik. 9-14ra arte, Senarrek jarraian gehienera bi tanto bakarrik egin ahal izan ditu: 2-8, 4-9, 6-11, 8-12. Iritsi berriaren ausardiarekin puztuta, gehiago egiten ez dio utzi Amianok.
Lehen atsedenaldira atzera-kargarekin, baina bizirik heldu da Senar. Partida ikustera ataundar mordoa joan da Urantzura. San Martin auzoko festak arratsalde baterako lekuz aldatu, eta kemena helarazi diote Senarri harmailatik. Pankarta batean idatzi bezala, “Ataundik tiroka, txapela begiz jota” joan dira lagunak. Baita ituan asmatu ere. Aulkian, Markel Senar anaia aritu da Beñaten botillero. “Hanketara jokatu”, aholkatu dio une kritikoan. Aldageletako sarreratik, kontrakantxan, Jon Ander Albisu eta Iraitz Zubizarreta pilotari ataundarrek ikusi dute partida. Denen artean, txapela Ataunera ekartzea zen logikoena, eta, ofizioz, lortu du Beñat Senarrek.
Bigarren zati ikusgarria jokatu du. Sakearekin min ematen hasi zaio Amianori, 9-14koarekin zeruertza iluntzen hasita zegoenean. 13-15era gerturatu zaio aurrena, 15na berdindu dio hurrena, eta pilotari zailduaren erakustaldia izan da handik bukaerara bitartekoa: 22-15. Azkenerako, 14 tanto egin ditu Senarrek, eta 3 galdu. Amianok, 12 egin eta 8 galdu (9-13an 10 zeramatzan eginak). 231 tantoko partida jokatuta, sufrituta eta estuasunak pasata, baina irauli ikusgarria emanda irabazi du Beñat Senarrek bere aurreneko txapela, B Serieko 4 t’erdikoa. Unai Iglesias Iturbe Baikoko buruzagiak jantzi dio txapela.
Txapelketa osoan partidarik batere galdu gabe lortu du aurreneko titulu profesionala Beñat Senar Apalategik. Urtea goitik borobildu du, Baikorekin kontratu profesionala urrian berritu ondoren. 2001eko urriaren 25ean Ataun San Gregorion jaioa, Ataungo herriari bigarren txapela eman dio. Iraitz Zubizarretak 2023ko azaroaren 11n irabazi zuen aurrenekoa, hura ere Promozioko –gaur egungo B Seriea– lau t’erdikoan. Senarrek handik bi astera egin zuen debuta profesionaletan, 2023ko azaroaren 26an, Segurako Baratzen. Ataungo pilota eskolaren azken fruituak poztasun berria eman dio Goierriri.
Txapela “afari eder batekin” ospatuko duela esan du Senarrek. Lehenengo adierazpenetan, txapela aitona zenari eskaini dio, hunkituta, uztailean hil zen Joxe Mari Senar ordiziarrari. “Aitonarekin dukat lehenengo oroitzapena herriko frontoian. Orain gutxi hil da, eta harentzako da txapela”.














