Olanok jarraitzen du Beasaingo odolkiaren 'errege' izaten
Hamabigarren urtez jarraian, Beasaingo odolkigileak irabazi du 40. Dastatze Lehiaketa. Zortzi odolkigilek parte hartu dute, goierritarrak hiru.
Olano Harategiko odolkigile txapeldunak, Leire Artola alkatearekin eta Odolki Kofradiaren presidente Martin Urkiolarekin. Aimar Maiz Beasaingo Olano Harategiak hutsik egin gabe jarraitzen du herriko odolki lehiaketako txapelak etxeratzen. Gaur goiz-eguerdian jokatu den 40. Dastatze Lehiaketa ere Olanok irabazi du. Hamabigarrena du jarraian, eta Beasaingo hitzorduan guztira jantzi duen 19.a. 1986an hasi zuten lehiaketa, eta ia aldien erdietan Olano nagusitu da; 2013tik, berak irabazi ditu lehiaketa guztiak. Senar-emazteak eta semea igo dira oholtzara sariak eta txapela jasotzera, hirugarren belaunaldia ere badatorrela erakutsiz. Txapela, 300 euro, odolki ikurren garaikurra, ‘Beasaingo odolkiaren errege’ tituluaren diploma, eta Loinazko San Martin egunean plazan banatuko dituzten odolkiak egiteko eta hornitzeko enkargua jaso dituzte saritzat.
Zortzi odolkigilek parte hartu dute txapelketan. Goierrikoak hiru izan dira: Olano garaileaz gain, Beasainmendiko Odolkiak (Beasain) eta Zaldibiako Beheko Karnizeria. Horiekin, Txarri Txiki (Aia), Josu Harategia (Aretxabaleta), Kepa Loidi (Orio), Jabier Iraola (Asteasu) eta Josean Izagirre (Arrasate) lehiatu dira. Partaidetza askoz oparoagoak ezagutua da Beasaingo lehiaketa, 32 lehiakide izateraino iritsi baitzen behinola. Herrietan geroz eta odolkigile gutxiago geratzen direla ohartarazi dute gaur, eta ofizioa indartu beharra dagoela. “Odolkigileak desagertzen ari dira”, jo dute lantua gaur Beasainen. Gaur 1,50 euroan odolki pintxoa eta trago bat ardo erosteko zain egon den jende-ilara luzea, astelehenetik aurrera harategietara eramatea falta da, eta harakintza bultzatzea. Beasaingo Odolkiaren Kofradiak 200 kilo odolki egosi eta pintxotan banatu ditu gaur.
Beasainen Olanoren nagusitasuna baieztatzea besterik geratzen ez den garaiotan, ordea, epaimahaiak aitortu du lanak izan dituela onena aukeratzen. Lau sukaldarik dastatu dituzte 8 odolkiak –bigarren itzulian, lau finalistak berriro, kontagailua hutsean jarrita–: Arantxa Agirrezabala beasaindarra (Beasaingo Kattalin jatetxekoa), Xabier Martinez ordiziarra (Ordiziako Martinez jatetxekoa), zegamar jatorridun Iker Zabaleta (Donostiako Aratz jatetxekoa), eta Lorena Arteaga (Larraulgo Zirta jatetxekoa). Denak Jakitea elkargoko jatetxeak dira, Euskal Herriko betiko sukaldaritza tradizionala zaintzen, bultzatzen eta dastatzera ematen duten elkarteko kideak.
Lehen galbahean, lau odolki pasatu dituzte aurrera: Olano, Jabier Iraola, Txarri Txiki eta Kepa Loidi (bi aldiz irabazia da Beasainen, 1995ean eta 2003an). Puntu erdi baten aldea zegoen lehen bien artean. Epaileek odolki bakoitzari gehienez 25 puntuko balorazioak eman dizkiote: itxura (5 puntu), ebaketa (5), txikitzea (5) eta zaporea (10) epaitu dituzte. “Oso zaila da, ez da errata onena aukeratzea. Finalean, gainera, oso-oso zaila da, puntuaketan parean dabiltzalako. Denak oso onak dira, eta diferentzia puntuan ateratzen diegu: gatzean, espeziean… Baina denak kategoriakoak daude”, aitortu du Xabier Martinez epaileak.
Azkenean, honela geratu da sailkapena (100 puntu, gehienekotik):
- Olano Harategia (Beasain), 83 puntu
- Txarri Txiki (Aia), 81,5 puntu
- Kepa Loidi (Orio), 75,5 puntu
- Jabier Iraola (Asteasu), 75 puntu













