Egin Ttap! lehiaketarekin bat egin du Hitzaro euskara elkarteak
Izena eman dezakete 9-12 urteko artekoek, azaroaren 17ra bitartean. Finala abenduaren 5ean jokatuko da Durangoko Azokan.
Kukulaisi Aisialdirako Topaguneak antolatu eta Euskal Herri osoko 18 euskara elkartek –tartean Ordiziako Hitzaro– bat egin dute III. Egin Ttap lehiaketarekin. Azaroaren 20tik 26ra bitartean, 7 egun, 7 galdera, 7 minutu formatuan, haurrek eta helduek taldeka elkarrekin galderei erantzunez jolasten duten lehiaketa da. Horretarako, 9-12 urte bitarteko taldeak sortu behar dira (5-6 pertsona, gutxi gorabehera); taldearen arduraduna beti ere pertsona heldu bat izango da. Emaitza onenak lortzen dituzten taldeekin aurrez aurreko finala jokatuko da, abenduaren 5ean, Durangoko Azokan.
Askotariko gaiak
Gai desberdinei buruzko galderak erantzun beharko dituzte: kultura, natura, musikagintza, geografia… «Quizz dibertigarria da! Euskaraz ondo pasatzeko momentutxo bat sortuko duena». Lehiaketan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute azaroaren 17a baino lehen, www.eginttap.eus (Instagramen @eginttap) webgunean.













